Gazte Martxan pilatutako indarrak «urrats geldiezinak» egiteko bideratuko diztuzte
Gazte Martxa 07ko antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute ekimen horrek jasotako erantzunarekin, bildutako jendeagatik eta landutako edukinengatik. Lanean jarraituko dutela iragarri zuten gainera.
Iker BIZKARGUENAGA |
Euskal Herriko gazte mugimenduak deituta, milaka lagunek Gazte Martxaren karietara duela bi aste antolatutako ekitaldietan eta mendi martxan parte hartu zuten. Atzo, ekimen horren antolatzaileek, egindako lanarekin eta jasotako erantzunarekin oso pozik agertu ziren Gasteizko Gaztetxean egindako prentsaren aurreko agerraldian.
Egoitz Garmendiak eta Irati Mujikak egin zuten, antolatzaileen izenean, Gazte Martxa 07aren balorazioa, eta oso baikor azaldu ziren, bai hiru egunetan Aiaran bildutako jende kopuruarengatik, bai eta landutako edukinengatik ere.
Izan ere, atzo gogor salatu zituzten kontrol polizialen gainetik, lehen egunean 2.100 lagun elkartu ziren Untzagan, Urduñarako bidea hartzeko.
Herri honetan, aldiz, 800 gaztek nazioarteko ordezkaritzak emandako hitzaldian parte hartu zuten, eta beste 700 Euskal Herriko bilakaera politikoa jorratzen zuen hitzaldian. Edonola ere, jende asko izanagatik, askoz gehiago bildu ziren azken egunean Laudion.
Aberri Egunarekin batera bukatu zen Gazte Martxa, eta eguerdi partean zanpantzarrak zai zituztela heldu ziren gazteak Laudiora, Herriko Plazan egin zen ekitaldian parte hartzeko. Pixka bat beranduago, herri bazkaria antolatua zegoen, baina atzo nabarmendu zutenez, 2.500 lagunentzat prestatuta zegoen paella txiki geratu zitzaien, eta lagun askok tabernetan bazkaldu behar izan zuten.
Jende andana, beraz, goizean, eta are gehiago arratsaldean, herriko kaleak zeharkatu zituen kalejiran, eta baita karpa erraldoian egin zuten ekitaldi politikoan, 4.000 gazte baino gehiago bildu baitzen bertan. Gaueko kontzertuetan, berriz, 5.100 lagunek egin zuten dantza.
«Akordio politikoa behar du»
Datuak ikusita, Garmendiak eta Mujikak nabarmendu zuten euskal gazteria «Baionatik Tuterara eta Mauletik Karrantzara herri bat eraikitzen» ari dela, nahiz eta «Zapatero eta Chirac gure proiektuari etengabe mugak jartzen tematuta dauden».
«Horrek sortzen du gatazka politikoa eta armatua Euskal Herrian -gaineratu zuten-, eta arazo horri hitza eta erabakiaren bidez eman behar zaio irtenbidea». Beren iritzirako, «eztabaida faltsu eta aitzakiak alde batera utzi eta akordio politikoa behar du Euskal Herriak» eta, hala, ezker abertzaleak egin duen proposamen politikoa gogora ekarri zuten.
Beste alde batetik, Josu Jon Imaz, Miguel Sanz eta «gainontzeko zinegotzi eta alkate lapurrei» zuzendu eta, «beren txolloa» bukatu dela aipatu zuten bi gazteek, eta Gazte Martxan bildutako indarrak oinarri hartuta «hauteskundeetan muturreko galanta eman eta Euskal Herriaren askapen bidean urrats geldiezinak egiten jarraituko» dutela.
2.100 lagunek egin zuten mendi martxa hiru egunez Aiarako bailaran, eta 4.000 lagun baino gehiagok parte hartu zuten Laudioko ekitaldi politikoan. Gaueko kontzertuetara, 5.100 gazte joan zen.
Gazte Martxa 07ko antolatzaileek beren eskerrik beroenak eman zizkieten antolakuntza lanetan eta laguntza ematen ibili diren Aiarako ehunka lagunei, gazte eta helduak.
El preso se encontraba realizando trabajos de mantenimiento fuera del edificio aunque dentro del recinto vallado. Tras la fuga los hechos se pusieron en conocimiento de la Ertzaintza que emprendió la búsqueda del joven.