GARA > Idatzia > Ekonomia

Ehun greba egun bete dituzte Georgia Pacificeko langileek

Nafarroako Allo herrian dagoen paper-fabrikako langileria tinko ari zaie eusten orain ehun eta hiru egun hasi zuen lanuzte partzialei. Orain dela 32 egun, gainera, enpresako batzordeko kide guztiek, hamahiruk, lantokian bertan ematen dute egun osoa, eta enpresak berekin biltzeko asmoa agertu bitarte, behintzat, horrela jarraituko dutela esan dute.

Rebeka CALVO |

Alloko Georgia Pacific paper-fabrikako hirurehun bat langilek lanuzteen ehun egun bete berri dituzte, eta, hala ere, enpresa batzordeak salatu du zuzendaritzak oraindik «ezer ere negoziatu gabe» jarraitzen duela.

Gainera, batzordeak esan du joan den urtarrilaren zortzian hasitako bi orduko lanuzteek lehenengo eta lanaldi erdikoek ondoren, galera ekonomiko handiak ekarri dizkiotela enpresari. Hala ere, inongo harremanik izan gabe jarraitzen dutela adierazi duen.

Era berean, enpresa batzordeko CCOOko bost ordezkariek, UGTko laurek, LABeko biek eta ELAko beste biek Alloko lantokian egun osoa ematen jarraitzen dute, enpresa hitz egitera behartzeko asmoarekin. Itxialdia joan den martxoaren 26an hasi zuten.

«Hemen jarraituko dugu egoera aldatzen ez den bitartean», azaldu du, alde horretatik, Marko Hernandezek, lantokiko LABeko ordezkarietako batek.

Orain arteko mobilizazioek, hortaz, ez dute oraindik batzordeak eta langileek espero zuten erantzunik. 2000. urtean sinatu zuten azkenekoz hitzarmena, eta ordutik ez dute harremanik izan zuzendaritzarekin.

Ameriketako multinazionalak 2000. urtean erosi zuen 1974. urtean sortutako paper-fabrika, eta ordutik baztertzen dituela zuzendaritzak salatu zuten langileek.

Joan Jornet

«Nahiz eta lanuzteen ehun egun pasa ditugun jada, oraindik ez dugu inongo informaziorik jaso», salatu du Hernandezek. Sindikatuko ordezkariek gaur egun duten itxaropen bakarra multinazionalak Estatu espainolean dituen lantokien kontseilari ordezkari Joan Jornet postutik kendu izana da.

«Jornetek orain arte ez digu kasurik ere egin. Nafarroako Gobernuari eta guzti esan zion muturra bere kontuetan sartzeko. Orain Europako beste postu batera pasatu dute, eta berriak hitz egiteko jarrera edukitzea espero dugu», esan du.

Enpresa-batzordeak, hala eta guztiz ere, ez du «ofizialki» jaso albiste hori, eta oraingoz ez dakitela ezer ere gehiago esan du Hernandezek.

Bestetik, batzordeak hamaika aldiz salatu dituen «erasoak» ez dira amaitu. Eta orain egun gutxi, hiru langileri Kanarietara joateko espedientea ireki zien enpresak. Sindikatuko ordezkariek hori «mehatxu» bat dela adierazi dute; hain zuzen, langileria kikildu baino gehiago «indartu» duen mehatxua.

«Enpresaren mehatxu eta jarrera hauek langileak gehiago batu ditu, eta orain hau guztia bukatzeko beste baldintza bat da; hau da, langile guztiek greba hasi genuenean bezala geratu behar dugula arazoa bukatutakoan», azaldu du LAB sindikatuko ordezkariak.

Orain, hortaz, aldarrikapen nagusia bakarra bada ere, hitz egiteko bilera bat egiteko eskaera, bilkura horretan hiru izango dira aldarrikapen nagusiak: soldatak igotzea, izan ere, 2000 eta 2006. urteen artean borondatezko eskupekoak bakarrik jaso dituzte langileek; lanaldia murriztea, 1997an azken hitzarmena sinatu zutenik horren luzapenaren pean egoteak Estatuko hitzarmenean baino 34 lanordu gehiago egitera eraman baititu langileak; eta hiru langile horiek Allon geratzeko eskubidea bermatzea.

Makinak eramatea

«Enpresak greba egunak aprobetxatu ditu orain bi urte Kanarietara eraman nahi izan zuen makina desmontatzeko. Horregatik esan die langile horiei aho-zapiak egiteko makina hori hara eraman eta haiek ere hara joan behar dutela. Baina gure ustez, hori mehatxu bat besterik ez da, eta azkenean ez dute makinarik hara eramango», azaldu du Hernandezek.

«Lortu duten gauza bakarra langileak greban indartzea izan da. Baina nolabaiteko beldurra ere badute, urte hauetan guztietan ezer egin gabe egon bagara, langileria beldur zelako baitzen. Izan ere, orain urte batzuk lanaldi osoko greba egin zuten bi hilabetez, eta azkenean langileek ez zuten ezer lortu; okerrago geratu zirela ere esan daiteke», adierazi du.

Batzordeko hamahiru kideek egun osoa enpresan ematen jarraituko dute; horiek hala, zuzendaritzak haiekin biltzeko asmoa agertu arte lanaldi erdiko lanuzteei eutsiko dietela adierazi dute. Beharrezkoa bada, «beste ehun egunean» ere greba egingo dutela jakinarazi zuten.

Mehatxuak

Orain egun batzuk, enpresak makina bat eta hiru langile Kanarietara bidaliko dituela «mehatxatu» zituela azaldu du enpresa batzordeak, baina, haren ustez, iragarpen horrek «langileak gehiago batu» besterik ez du egin.

Zuzendaritzaren erantzuna: salaketak eta mehatxuak

Enpresa batzordeak salatu duenez, Georgia Pacificeko zuzendaritzak orain arte salaketaren bidea bakarrik erabili du grebari aurre egiteko. «Greba hasi baino lehenago, bozketa egin genuen langileen artean, 1997an sinatutako hitzarmena luzatzea nahi zuten edo ez erabakitzeko. Ordutik enpresak gurekin erabili duen bidea salaketak jartzearena izan da», esan du Marko Hernandezek, enpresako LABeko bi ordezkarietako batek. «Datorren epaiketa maiatzaren 19an izango dugu, eta, bestetik, beste epai baten zain ere bagaude. Hain zuzen ere, greba egunetan ezarritako itxiera patronalak legezkoak diren ala ez ikusteko», jakinarazi du Hernandezek. Orain arte batzordeak epaiketa gehiago izan ditu; esate baterako, zuzendaritzak batzordeari jarritakoa, iragarki-taulan nahi zuen guztia ezin zuela jarri zioelako.

Langileei ere mehatxatzen zietela salatu izan du batzordeak. Eta adierazgarria da azken egunean hiru langile Kanarietara bidaltzeaz gainera, batzordeko kide guztiak lanpostuz aldatu dituztela. Azpikontratatutako enpresa guztiak ere kaleratu dituzte, eta, ondorioz, langileek garbitzen dituzte gaur egun lantokiko komunak. R.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo