GARA > Idatzia > Futbola

2.B Maila

Igoera kanporaketako partida erabakigarria du gaur Barakaldok Burgosen aurka

GARA | BARAKALDO

Bigarren Mailara igotzeko kanporaketan egoteko partida guztiz erabakigarria jokatuko du gaur arratsaldeko zortzietatik aurrera Burgosen aurka. Bizkaitarrak gaur egun laugarren dira sailkapenean -igotzeko aukerak ematen dituen azken lekuan-; eta bosgarren dira, berriz, Gaztelakoak, hori-beltzak bezala, 53 punturekin.

Partidaren garrantziaz jabetuta, sei norgehiagoka geratzen dira liga erregularra amaitzeko, Barakaldoko jokalari eta agintariek Lasesarre betetzeko eskatu diete zaleei. Astean, Urbano kapitainak finaltzat jo zuen gaur arratsaldeko partida, eta hori girotzeko asmoz, puxikak eta txalo egiteko plastikoak banatuko dituzte zelaian, jokalariei ahalik eta babesik handiena erakusteko.

Bilbao Athletic gaur Lezaman arituko da 17.30etik aurrera, eta zuri-gorriek ere partida garrantzitsua jokatuko dute Marino Luankoren aurka; norgehiagoka horretan, bi taldeek jaitsiera postuetatik urruntzeko helburua izango dute. Gainerako euskal taldeek igandean izango dituzte partidak.

Eibar liderrak, esaterako, hiru puntuak ekarri behar lituzke azken-aurreko Universidad de Oviedori egin beharreko bisitatik. Sestao River hirugarrenak Alfaro 17. sailkatuaren aurka ere aukera polita du kanporaketa postuetan sendotzeko, etxean. Real Unionek Amurrio jaitsi denari egingo dio bisita; Lemonak Valladolid B hartuko du etxean, eta Sansek, Oviedo historikoa. Laugarren multzoan, zuloan den Osasuna Bk, Sant Andreuren bisita jasoko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo