GARA > Idatzia > Kultura

Aita Agirreren altxorrak kofre berria izango du laster Lazkaon

Lazkaoko beneditarren artxibategi berria eraikitzeko lankidetza hitzarmena izenpetu zuten atzo Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Rufino Mujika prioreak. Aurrean zuten, irribarrea ezpainetan, Juan Jose Agirre, bere bizitza osoan Lazkaoko artxibo harrigarria mamitu duena. Ezinbesteko erreferentzia da XX. mendeko euskal historia politikoa edota herrigintza aztertu nahi duten guztientzat.

Martin ANSO | LAZKAO

Artxibategi berria, zurezko eta hareharrizko fatxadak izango dituena, egungo komentuaren ondo-ondoan egongo da, baratzean. Iñigo Guibert arkitektoak atzo erakutsi zituen behin-behineko planoen arabera, 360 metro karratu inguru izango ditu, bi solairutan banatuta. Behekoan, harrera, irakurketa eta ikerketa gelak egongo dira; goikoan, berriz, funtsak. «Liburuak, aldizkariak eta Aita Agirrek urtetan zehar bildu eta gaur egun kutxatan gordeta dauzkan esku-orri, pegatina eta era guztietako dokumentuak kontuan izanik, batez beste 665 metro luzeko apalategiak behar ditugu. Etengabe hazten ari den funtsa da, ordea; horregatik orain artekoa gehi gutxi gorabehera beste hainbeste artxibatzeko lekua aurreikusi dugu», esan zuen atzo arkitektoak.

Proiektua abiatu berria da eta atzo, behintzat, inork ez zuen eperik aipatu. Aurrekontua, berriz, ezaguna da eta, batez beste, 720.000 eurokoa izango da. Gehiena, 600.000 euro, Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko du, eta gainerakoa, Udalak. Izan ere, atzo izenpetutako hitzarmenaren bidez zehaztu zen Aldundiaren konpromisoa. Beneditarrek, beren aldetik, bermatzen dute, etorkizunean edozer gauza gertatuta ere, Gipuzkoan geratuko dela artxiboko euskal funtsa, hots, Juan Jose Agirrek bere bizitza osoan bildu eta gaur egun XX. mendeko historia politikoa eta herrigintza aztertu nahi duten guztientzat ezinbesteko erreferentzia dena.

Funtsaren luze-zabalaren berri eman dezakete Agirrek berak atzo aipatu zituen zenbaki batzuek. Egunkari eta aldizkarietan, 4.600 titulu inguru bilduta dauzkate Lazkaon. «Kontuan izan behar da -ohartarazi zuen Agirrek- `Egin'eko bilduma osoa, adibidez, titulu bakar bat bezala kontatzen dugula; beste aldizkari batzuetatik, aldiz, zenbaki bat edo bi bakarrik atera ziren. Horiek ere gordeta dauzkagu, eta, noski, horien artean ditugu alerik arraroenak». 13.000 kartel ere badituzte. Panfleto -«teknikoki paskinak dira», ohartarazi zuen Agirrek, irribarrez-, pegatina eta gainerakoak, berriz, zenbatu gabe daude. «100.000tik gora, behintzat, badauzkagu», esan zuen, zenbaki bat emate aldera. Nolanahi ere, funtsa egunez egun hazten ari da, materialak biltzen jarraitzen baitu Agirrek.

Euskal Herriari opari

Rufino Mujika beneditarren prioreak, berriz, nabarmendu zuen artxibategi berriaren proiektuak «garrantzi handia duela Euskal Herriarentzat, oro harturik, eta bereziki Gipuzkoarentzat, Goierrirentzat eta Lazkaoko herriarentzat». Izan ere, horren bidez, «Aita Juan Josek hainbeste urtetako lan on eta isilari esker osatu duen artxibo historiko preziatuak kokaleku duin eta egungo aurrerapen guztiekin hornitua izango du».

Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik ere proiektuak garrantzi aparta duela nabarmendu nahi izan zuen. Atzoko hitzarmena «norabide zuzenean» eginiko urratsa dela esan zuen, eman beharreko beste urrats batzuen aitzindari; eta egin beharreko urrats horietan Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila ere parte hartzeko prest dagoela aurreratu zuen.

Felix Urkola alkateak, azkenik, beneditarrak Lazkaora etorri zireneko mendeurrena aurten ospatzen ari direla gogoratuta, Euskal Herriari urtebetetze-opari ezin ederragoa egin diotela esan zuen.

Orain dela bi urte, Juan Jose Agirre hiru egunez poliziakideen esku egon zen. Libre utzi zutenean, epaileari autoa eskatu zion, dokumentu hura ere artxiboan gorde nahi zuelako. Atzo ere hitzarmenaren kopia eskaini zion Rufino Mujika prioreak, ederki asko baitzekien Agirrek artxiboan gorde nahi zuela.

Artxibo harrigarri baten abiapuntua

Urtetan egindako lanaren aitorpen gisa, PEN Idazluma jaso zuen herenegun Juan Jose Agirrek. Atzo, berriz, bizitza osoan osatu duen altxorraren etorkizuna nolabait bermatuta dagoela sentitu zuen. Poza ezkutatu ezinean, gogotik ekin zion hastapenak nola izan ziren gogoratzeari... «Lazkaoko komentuan liburutegi bat egin behar zela-eta, ardura hori nire gain hartu nuen. Momentu hartan ez nekien ezer ere katalogazioaz», aitortu zuen. Gainerako liburutegiak nola antolatzen zituzten ikusten hasi eta bereziki Montserratekoari erreparatu zion. Han, liburuei ez ezik aldizkariei garrantzi handia ematen zieten, baina, horrez gain, bazuten beste berezitasunik: «Kataluniari buruz idazten ziren isilkako aldizkariak eta era guztietako dokumentuak biltzen zituen sala handi bat zuten; hura ikusi eta `ni ere Euskal Herrian horixe egiten hasiko naiz', esan nion neure buruari». Hura izan zen artxiboaren abiapuntua.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo