GARA > Idatzia > Kultura

Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra euskaltzain oso izateko hautagaiak dira

Euskaltzaindiak Etxalarren atzo egindako bilkuran, Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra euskaltzain oso izateko proposatu dituzte. Hautagaitzak onartzekotan, 27. eta 28. zenbaki-hutsarteak beteko lituzkete.

GARA | BILBO

Euskaltzaindiako iturriek jakinarazi dutenez, 27. zenbaki-hutsartea betetzeko, Sagrario Aleman euskaltzain urgazlea proposatu dute Patxi Zabaleta, Patxi Salaberri eta Andres Iñigo euskaltzain osoek; 28. zenbaki-hutsartea betetzeko, berriz, Joseba Lakarra -euskaltzain urgazle ere-proposatu dute Jose Antonio Arana Martija, Xabier Kintana eta Jose Luis Lizundia euskaltzain osoek.

Aleman Etxalekun (Nafarroa) jaio zen, 1952an. Farmazian lizentziatua da, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Nafarroako alfabetatze eta euskalduntze mugimenduan ezinbesteko erreferentzia da. 1972an hasi zen lanean helduen euskalduntzean. 1981-82 ikasturtetik hona Arturo Campion euskaltegian dihardu; 1982tik zentro horretako zuzendaria da.

Didaktikan ere dihardu, euskaltegian. Ikastaro, mintegi eta jardunaldi ugaritan ibili da irakasle, soziolinguistikaren, didaktikaren eta gramatikaren gainean, besteren artean. Euskal Herrian Euskaraz-eko partaidea da, baita Zaldiko-Maldiko euskara elkarteko sortzailea ere. Horretaz gain, Karrikiri euskara taldearen sorrerako bileretan ibili da ere bai. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2006. urtean.

Lakarra, ostera, Arratzun (Bizkaia) jaio zen, 1962an. Euskal Filologian lizentziatua (EHU, 1983), eta 1994an doktoretza lortu zuen Koldo Mitxelenak eta Joakin Gorrotxategik zuzendutako «XVIII. Mendeko Hiztegigintzaren Etorkiez» tesiarekin. 1996an, Doktoregoko Sari Berezia jaso zuen.

2005eko abuztutik aurrera Euskararen Historia eta Euskararen Gramatika Historikoaren katedraduna da, EHUko Filologia eta Geografia-Historia Fakultatean. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailan dihardu. Bere ikerketa-lerro nagusia dira euskararen historia eta historiaurrea eta euskal testu zaharren edizio eta analisia.

Zenbait liburu ere argitaratu ditu, hala nola, «Euskal Baladak. Azterketa eta Euskal Baladak. Antologia», «Manuel Larramendi. Euskal Testuak» (Patxi Altunarekin batera), «Towards a history of Basque language» (J.I. Hualde eta Larry Traskekin batera), «Studies on Basque and Historical Linguistics in honor to R. L. Trask -Ikerketak Euskalaritzaz eta Hizkuntzalaritza Historikoaz. Larry Trasken Oroitzapenetan» (J.I. Hualderekin batera).

2004an ezagututako Juan Perez Lazarragak XVI. mendean idatzitako eskuizkribuaren lehen azterketa filologikoa eta literarioa egin zuen Lakarrak. Euskaltzain urgazle da 1991tik.

CURRICULUMAK

Sagrario Aleman nafarra helduen alfabetatzen eta euskalduntze mugimenduan erreferentea da. Lakarra bizkaitarraren ikerketa-lerro nagusia, berriz, euskararen historia eta euskal testu zaharren edizio eta analisia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo