Julen MURGOITIO
Aurrera doan Herria, geldi
Kaosaren teoria praktika bihurtu da, bihurtu dute, ohiko praktika gainera. Esanetik eginera. Non eta Bizkaian izan da hori. Are zehatzago, Bizkaiko hiriburu zentripetua izaten mantendu nahi den Bilbo metropoli horren inguruan. Itxura batean, kaosaren teoria asmatu duenak ordu luze ez aurrera ez atzera itzelezko auto ilara kaotiko batean zela asmatu zuen teoria hori, eskura zuen papera eta boligrafoa baliatuta. Beraz, gauzak beren lekuan uztearren, teoria hori asmatu izana ez dagokio soilik auto horretan bakar-bakarrik zegoen gidari aspertuari, papera eta boligrafoa bera asmatu dituztenei badagokie ere. Total, aurkikuntzak askotan kasualitatearen ondorio izaten dira, Ikerketa+Garapena (I+G) esaten den horren izenean saltzen badizkigute ere. Begira, bestela, grabitatearen indarra aurkitu zuen haren kasua; egun haizetsu batean sagarrondo baten azpian lo-kuluxka goxoan zela sagarra buruaren gainean jausi eta biraoka segundo batzuk eginda, eskura zuen papera eta boligrafoa hartu eta teoria ospetsua asmatu zuen, gerora sagardotegietarako autobideak zabalduko zituena. Larritasun batetik asmatu zuen hark grabitatea, eta, egia esan behar badut, ez dakit gizateriarentzat aurkikuntza egokia izan ote zen, gaurko arazo asko hortik direlako eratorriak; Bilbo bera inguru oso zabalaren grabitate-zentroa mantendu nahi izate- arena, kasurako.
Eta zein izan lehengo eguneko errepide-kaosaren kausa? Zein eta zubi bat, A8ko alde biak lotu nahi zituen zubi batek ekarri zuen kristoa goitik zoladurara; alde biak baino bazter biak esan beharko, halako errepide handi batek aldeak ez, bazterrak uzten dituelako ezker-eskuin. Gauzak horrela, eta hemengo prozesuak zubiak guztiz beharrezko dituela jakinda espero dut, gutxienez, beste injineru batzuek eraikitzea horiek, edo hobeto, seguruenik, injineru ez direnek eraikitzea, badaezpadakoan, zubi transgeniko larregi dira eta.
Unibertsitate-campusak tiro-eremu bihurtzen dagoz Amerikako Estatu Batu haietan, hango way of life madarikatuaren bidetik. Dirudienez, kreditu libreko jardunetan sartu dute campuseko tiroketa ere, ikasleek lizentziatura amaitzeko behar dituzten kreditu kopurua lortzen laguntzeko. Armak dituzte eskuan hango umeek hortzak ahoan baino lehenago. Atera kontuak zer way den hango life horrena. Nazka.