GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nazioarteko babesa da Gernikako bonbardaketaren 70. urtemugako protagonista

Heldu den ostegunean, apirilaren 26an, 70 urte izanen dira faxisten bonbek Gernika txikitu zutenetik. Hori gogora ekartzeko, makina bat ekitaldi prestatu du Gernika Batzordeak, eta Walter Luyten Belgikako senatari ohia eta nazioarteko hamar parlamentari bertaratuko dira.

Maider IANTZI |

Herritar batzuek sortu zuten Gernika Batzordea 1966an, bonbardaketa salatzeko eta oroitzeko asmoz, eta ordutik urtero prestatzen dituzte ekintzak. Ezkutuan egin behar izan zuten lan bolada batean, baina ekimen interesgarriak egin zituzten, hala ere: historialarien mahai bat jarri zuten martxan, eta jende ezaguna bertaratu zen. 1987an tragediaren 50. urteurrena izan zen eta orduan hasi ziren Udaleko kideak ere batzordean parte hartzen. Hitzaldiz, jaiz, historiaz eta ekimenez gainezka egin zuen Gernikak.

Batzordeko kideen aburuz, bakeak erro sendoak behar ditu: aurtengo ospakizunaren horma-irudian ageri diren justizia, askatasuna, errespetua, konponbidea eta eskubideen aitorpena, errate baterako. Nazioarteko babesari begira antolatu dute heldu den asteko egitaraua. Hala, 24an, asteartean, Walter Luyten Belgikako senatari ohiak hitzaldia emanen du Lizeo antzokian, arratsaldeko zazpi eta erdietan. Omenalditxo bat ere eginen diote minbizi terminala izan arren Gernikara joateko prest den gizon horri.

Hagitz ezagun egin zen Luyten Euskal Herrian 1975ean, Gernikan egin zen Aberri Egunean ikurrina zabaldu baitzuen elizaren ondoan. La Salveko kuartelera eraman zuten poliziakideek, bera eta aldarrikapen horretan lagundu zion adiskidea ere bai, ikurrin eta guzti. Mugara eraman zituzten gero.

Euskal Herriaren alde propaganda handia egin izan du beti bere eskualdean, Belgikako Flandesen, eta hori ere eskertuko diote asteartean Gernikan. Arnaldo Otegik eta Txillarde- gik emanen dute hitzaldia harekin batean.

Parlamentarien inplikazioa

Bertzalde, hurrengo egunean, 25ean, nazioarteko hautetsi eta parlamentari batzuk elkartuko dira Gernikako Arbolaren ondoan, Batzar Etxean. Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko talde sustatzaile bat jarriko dute martxan, eta adostutako testua irakurriko dute komunikabideen aitzinean, eguer- diko hamabietan. «Parlamentari sare honek buru-belarri inplikatu nahi du gatazkaren konponbidean, nazioartearen gatazkan izaera politikoa azalduz, eta horretarako irtenbideak proposatzen ditu», adierazi dio GARAri Xabier Jauregizar Gernika Batzordeko lagunak.

Orain arte bezala Euskal Herriaren autodeterminazioaren alde lan egiteko konpromisoarekin itzuliko dira parlamentariak euren herrietara: Korsikara, Sardiniara, Danimarkara, Irlandara eta Venezuelara. Oraingoz hamar dira ekimenean parte hartzen ari direnak, baina sare sustatzailea da eta atxikimenduak biltzeko itxaropena du.

Apirilaren 26an txikitu zuten Gernika faxistek, arratsaldeko laurak laurden gutxiagotan hasita. Egun eta ordu horretan sirena hotsak hartuko du herria. Egunez Milakabilakaren ekitaldiak izanen dira, eta gauez, manifestazioa kandelekin.

Dulcie Septenber gogoan

Dulcie Septenber hegoafrikarra ere omenduko dute egun horretan. Afrikar Kongresu Nazionaleko (ANC) kide izan zen, Nelson Mandelaren lagun mina, eta izugarrizko nortasun politikoa erakutsi zuen. Ihes egin behar izan zuen eta 1987an, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenean, hain zuzen ere, bertan egon zen Bakearen eta Autodeterminazioaren Nazioarteko Kongresuan. Hurrengo urtean tiroz hil zuten Parisen.

Baionan bizi diren hegoafrikar batzuk joanen dira Gernikara ostegunean, Septenberren lagun bat tartean. Berak ez daki euskaraz; bai, ordea, alabek, eta haiek mintzatuko dira ekitaldian. Plaka bat ere eskegiko dute horman ANCko kidearen omenez, ondorengo solasekin: «Kolonialismoaren eta apartheidaren kontrako emakume borro- kalaria. Hegoafrikako Polizia-ren biktima Parisen hil zuten. Herri zapalduen laguna. Gure laguna. 70. urteurrenean». Xabier Jauregizar Gernika Batzordeko lagunaren hitzetan, Euskal Herriaren eta Hegoafrikaren elkartasun seinalea izanen da omenaldi hori.

Ostiralean, 27an, «Ezkaba, la gran fuga de las carceles franquistas» dokumentala erakutsiko dute, eta 28an Lau Haizetara taldearen ekitaldia izanen da Pasealekuan, «Memoria egin, justizia egin» izenburukoa. Frankismoaren garaiko errepresioa gogora ekartzeko aritzen da lanean elkarte hori.

Nobel sariduna

Mario Molina 1995. urtean Kimikaren Nobel saria jaso zuen zientzialari mexikarra izan zen atzo Gernikan, eta giza eskubideen bortxaketen aurkako adierazpena izenpetu zuen, «Gernika bakearen alde».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo