GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Aiziritzen, transgenikoak auzitan

Azken egun hauetako gertakari nagusia Ipar Euskal Herrian Lur Berri kooperatibaren barnean iragan da, dudarik gabe. Ingurumenaren mundu zabal horretan, politikan gero eta gehiago agertzen ari dena, gehienetan hitzetan bakarrik gelditzen dena, lurraren zaintzeko egiten den eskaerak benetazko arrakasta, emaitza erreala lortu du.

Askotan, aldi oro gehiagotan, biztanlea politikatik urruntzen ari da hartzen diren erabakiak sondeoen arabera, edo gertakari zaratatsuen ondotikako ondorioak izaten baitira. Erabaki lasterrak, epe motzerako egindako lanak eta batzuetan onura baino kalte handiagoak ekartzen dituztenak. Azken asteetan telebistako debateetan berotze efektuari aurre egiteko eta horren mugatzeko aditu batzuek indar nuklearra baliabide interesgarria eta ezinbestekoa dela azaldu dute! Benetan seriotasun eskasa nabarmentzen da ingurumenak sekula baino ardura eta erantzunkizun handiagoa eskatzen duelarik.

Ehun eta hamar lagunek parte hartu zuten Lur Berrin egindako azken biltzarrean hazi transgenikoen hedatzea ez zela berehala hasiko entzuteko unean. Garaipena. 1998tik baimendu zuten hazi horien erabilera askok segurutzat jotzen dute. Alegia, hazi horien hadatzeak ez duela ondorio larririk ekarriko beste landetan, gure osasunean. Haatik, hori guzia zalantzan emana da eta frogak ekarriak landare transgenikoen ekoizpenak oraindik ikerketa lana eskatzen duela errateko eta gelditzen diren zalantzak errespetatu behar direlako iritzia hedatuz joaten ari da. Zalantza hau ez da kontuan hartzen eta landare eta ekoizpen transgenikoak zabaltzen ari dira laborantzan. Isilpean, konsumitzaileen nahikeria errespetatu gabe, eta zaindutako elikagaiei buruz dauden galderei eta galdeei kasurik egin gabe. Iritzi publikoa ekintzaile bihurtzen ez den puntutik mugak pausatzen dira eta arduradun politikoek ez dute behatzik altxatuko ez badira behartzen. Hori da, besteak beste, hazi transgenikoen aurkako kolektiboaren garaipena. Hau da garaipena debateetan adierazten diren kezkei ekintza kateatu baitiete. Une egokia, presidentziarako kanpainan nonbait hautagaiak erantzun bat ematera behartuak baitziren. Baita tokiko hautetsiei buruz, arazo larri honen aitzinean edozein gauzaren egitera doazen ekonomialariei eta enpresariei arduragabe lan egiten ez zaiela baimenik ematen erakutsi baitute. Bertako hautetsiak adi egongo ziren!

Elkartze zabala, abertzaleak ere hor izan dira. Abertzaletasuna gizarteari lotutako eremu guzietan kokatzen baita. Hori ez da aldatzen, azken 50 urte hauetan abertzaletasunak bazterrak inarrosten ditu eta gizarte honentzat babesa bilatzen du. Ikuspuntuen trukatzearekin, interes komunak atzematen dira eta mugen ezartzeko nahikeria uztartuz izugarrizko esperantza piztu digute. Erabaki baten gibelatzea izan daiteke, baina mobilizapenaren eraginkortasunaren froga dugu hor.

Lur Berriko arduradunek atzera egin dute. Estatuak ez du norabide hori hartu, ondoko egunetan molde bereko ekintzak gerta daitezke eskakizunak ez badira entzuten. Greenpeacen sostengua lortua dute, ez da guti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo