GARA > Idatzia > Kultura

«Punteria onarekin bota nuen txapela; bertsozale handi batek hartu zuen»

Oihane Perea

Arabako bertsolari txapelduna

Bere odoleko ia guztiak aipatu zituen azken agurrean, Unai urte eta erdiko semetxoa eta amona barne. «Justu-justu kabitu zitzaizkidan puntu batean», zioen atzo. Une hunkigarriak bizi izan zituen Oihane Pereak herenegun. Txapela airean publikoari bota eta Iñaki Mendiguren bertsozaleak hartu zuen. Eta ondoren Kristina Mardaraz etorri zitzaion txapela buruan jartzera.

Joxean AGIRRE | AGURAIN

Asperturik zegoen bigarren izaten, baina aspertuagoa leku eta egoera guztietan bigarrena zela entzuten. Larunbatean zapuztu zuen patua, eta txapela publikoari airean botata ospatu zuen une hori.

Aldez aurretik erabakita al zenuen txapelarekin publikoari keinu hori egitea?

Nire betiko ametsa izan da. Txikitako ametsa. Oso borobila denez, hegan oso ondo egiten du efektuarekin botaz gero, eta gure bertsozale berezi horri txapela eskaintzeko gogoa nuen. Hor soltatu egin nintzen. Gauza bat markatu nahi nuen: gure publikoa euskaltzalea eta militantea delako dela bertsozale. Edozeinek har zezakeen, eta kasu honetan Iñaki Mendigurenek hartu zuen, Laudioko ikastolako irakasle, euskaltzale eta Aiarako bertso eskolako sortzaileetako batek. Punteria onarekin bota nuen, beraz. Eta ondoren oso gauza polita gertatu zitzaidan, txapelketa bukatu eta gero. Txapel hori eskuz esku Kristina Mardarazen eskuetara iritsi zen eta berak jarri zidan berriro buruan. Niretzako unerik hunkigarrienetako bat izan zen.

Aita-amak han zenituen eta amona ere bai.

Ez daki piperrik ere euskaraz, baina han zegoen. Gustura egon zen, iloba maiteenetako batek txapela jantzi zuelako. Aitaren ama da.

Zenbat aldiz atera duzu Arabako txapelketan bigarren?

Arabako txapelketa sei aldiz jokatu da; larunbatekoa izan zen seigarrena, eta lautan geratu nintzen bigarren. Bostetik lautan, beraz. San Prudentzio sariketan ere geratu izan naiz bigarren. Kontua galduta daukat eta aspertuta ere banengoen kontu hori entzuten.

Kanpotik aldarte onarekin ikusi zintugun. Nola bizi izan zenuen finala?

Urduritasuna banuen. Batez ere aurreko egunetan izan nituen nerbioak, baina larunbatean ondo esnatu nintzen eta txapela janzteko zer egin behar nuen kalkulatuta joan nintzen finalera. Eta beste finalistek egindako poto batzuek ere lagundu zidaten. Ni ez naiz berez oso erregularra, eta larunbatean nahikoa erregular aritu nintzen. Zortziko nagusian ohartu nintzen bertsoak erraz ateratzen zitzaizkidala eta ofizioka orokorrean erraz aritu nintzen. Bigarren fasera pasatzeko orduan Viñasprerekin izango nintzela jakiteak ere poz handia eman zidan, laguna dudalako.

Viñasprerekin 6ko motzean egin zenuen bertsoaldia entzutean susmoa izan genuen bertso-kabaretean gai batzuei buruz asko ikasi duzuela.

Asko eman digu. Geure burua aurkitzeko eskola bat izan da «Emetik» bertso-kabareta. Bertsolari bakoitzak bere burua egin behar du, bere izateko moduda aurkitu eta azken urte eta erdi honetan esperientzia horrek asko lagundu digu. Lehen gizonak nagusi ziren mundu batean neskak ere bertsotan egiteko gai zirela erakutsi zuten, baina gure erronka berria gu nolakoak garen erakustea izan da eta nola kantatu nahi dugun, nola egon nahi dugun agertokian, eta zer tonutan kantatu nahi dugun erakustea. Kabaretean emakumeen rolak lantzen ditugu eta adin ezberdinetako emakumeen pentsakera eta sentimenduak nolakoak diren arakatzen ari gara. Horrek gero asko laguntzen du.

Eman diezaiogun errepasoa saioari. Ondo hasi zinen Asierrekin 8ko nagusian.

Ofizioko gaiak politak izan ziren. Nik euskaltegiko rola hartu nuen eta berak hezkuntza arautukoa, eta jokoa eman zuen gaiak. Txikian Juaristirekin gozatu egin nuen. Elkarri erantzunez egin genuen bertsotan. Puntuei erantzunez ez nuen beste munduko ezer egin. Gaia emanda txukun ibili nintzen. Jendeak neurri luzetara jotzen du eta potoak ere hortik etorri ziren. Nik ez dut batere gogoko seitik gorako neurrietan ibiltzea. Sei puntutik gora betegarri asko sartu behar izaten da, eta errima behartu asko ere sartu behar izaten da askotan, eta oso bertsolari ona izan behar da hain neurri luzetan ondo moldatzeko. Eta gai askorekin ez da beharrezkoa izaten. Hamarreko txikian Manexekin herri txiki bateko autobus geltoki batean egokitu zitzaidan. Azken bolada honetan herri txikiak ezagutzea tokatu zait eta banuen zer esanik ere. Esan nahi nituen gauzak esan nituen. Lehen fasea bukatzean pozik nengoen neure buruarekin.

Lehen esan duzu Viñaspre bigarren fasera pasatzean asko poztu zinela. Zure ikasle izandakoa al da?

Bai. Noizbait nire ikaslea izan zen, baina ez dut uste ezer zor didanik. Denok izan gara hemen ikasle eta irakasle. Zigor Enbeita ere izan zen nire irakasle. Viñasprerekin entrenatu egin dut aspaldi honetan. Askotan esana genion elkarri ederra izango zela buruz burukoa elkarrekin pasatzea, eta horrek poz handia eman zidan.

Viñasprek jarraitzaile piloa ekarri zuen.

Gure txapelketako leloa «Jatorrizko izena» zen eta bera bai dela benetako jatorrizkoa. Abetxukoa da, etorkinen semea eta bertsotan erraz egiten duena. Beharbada niri ez dagokit hori esatea, baina berak bota zituen, nire ustez, finaleko bertsorik onenak.

Zertan da Arabako egoera?

Finalista berak izateak kezka eragin lezake, baina finaleko atean geratu dira berriak, Izar Mendiguren esaterako, eta aurki jauzia emango dute. Une honetan Viñaspre eta biok gabiltza bertso eskoletan, eta belaunaldi berri baten geroa prestatzen ari garela uste dugu.

Mardaraz

«Unerik hunkigarrienetako bat gero etorri zen, Kristina Mardarazek txapela eskuetan hartu eta jartzera etorri zitzaidanean»

Amona

«Amonak ez daki piperrik ere euskaraz, baina pozik egon zen, iloba maiteenetako batek txapela nola jantzi zuen ikusita»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo