Ttipi-Ttapa, tokiko erreferentzia Nafarroako ipar-mendebaldean
Mugimendu euskaltzaletik sortua, Bortzirietan, Malerrekan eta Baztanen hedatzen da Ttipi-Ttapa telebista. Izen bereko aldizkari eta webgunearekin batera, egunerokotasunaren erreferentzia bilakatu da Nafarroako ipar-mendebaldean, 10 laguneko taldeari esker.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Euskararen aldeko mugimendutik sortua, 80ko hamarkadan ikusi zuen argia «Ttipi-Ttapa» aldizkariak. Hasierako garai haietan, urtean hiruzpalau aldiz 300 aleko argitalpena banatzen zuten taberna eta kultur elkarteetan eta, egun, 27 urte geroago, aldizkaria hamabostekari bilakatu, egitura profesionala hartu eta 6.000 aleko argitaraldiarekin, Nafarroako ipar-mendebaldeko argitalpen irakurriena da 28.000 irakurlerekin, CIESen datuen arabera (bigarren postua «El Diario de Navarra»ri eman dio, 14.000 irakurlerekin).
Hala ere, aldizkariak lekua hartu eta 1997a izan zen «Ttipi-Ttapa»ren urte emankorrenetarikoa. Batetik, Rikardo Arregi Kazetaritzako Berrikuntza Saria eman zioten Interneten argitalpenaren edukiak jartzen lehenengo euskarazko hedabidea izateagatik eta, bestetik, eskualdean euskarazko telebistarik ez zegoela ikusita, proiektu berrian buru-belarri sartzea erabaki baitzuen lantaldeak. Joxe Mari Irigoienek adierazi duenez, ez zen batere erraza izan eskualdeko telebista abian jartzea: «Orografiak seinalea bidaltzea izugarri konplikatua egiten du; antenak behar dira». Bortzirietako eta Malerrekako udalek 7-8 dituzte seinalea baserri-auzoetara igorri ahal izateko, eta Ttipi-Ttapak beste hiru.
Interneteko ediziorako, idatzizkorako eta telebistarako edukiak garatzea, hamar laguneko lan-taldearen esku geratzen da eta, «muga» hori gainditzeko, joan-etorriak aprobetxatzea da gakoa: «Telebistak egunerokoa eskatzen du, aktualitatea, eta, zati handi batean, hortik elikatzen ditugu aldizkaria eta web-orria». Programaziorako, albisteen nagusitasunaz gainera -eguneko bi ordu ekoizten dituzte-, saio aipagarriak dituzte. Besteren artean, «Kontu kontari» (adineko pertsonen kontakizunak), «Eltze beroan» (sukaldaritza) eta «Duda mudan» (guraso eta gazteen arteko harremanak).
Etorkizunari begira, digitalizazioak izan dezakeen eragina du buruan Irigoienek: «Inoiz baino aukera hobea izanen dugu desberdintzeko; tokiko telebista batek eskainiko du gertuko informazioa, beste inork emanen ez duena, eta bakoitzak bere profilak markatzea etorriko da».