UDALERRIEN HIZKUNTZA-POLITIKAREN NEURKETA
Hizkuntza-politika berria eskatzen duen neurketa egin du Kontseiluak
Euskal Herriko 66 herritan oinarritutako hizkuntza-politikaren neurketa egin ostean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak datuak mahai gainean jarrita, udalerrien hizkuntza-politika berria eskatu du, azterketak argi erakutsi baitu Euskal Herriko udalek ez dutela hizkuntza nazionala sustatzeko eta lehenesteko ahaleginik egiten. Kontseiluaren aburuz, hil edo bizikoa da udal hizkuntza-politikak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea.
Oihana LLORENTE | DONOSTIA
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskararen normalizazioan aurrera egiteko funtsezkotzat jotzen du udalerrien hizkuntza-politika; hala, politika horien egoera aztertzeko, Euskal Herriko 66 herritan oinarritutako neurketa gauzatu zuen 2005eko azarotik 2006ko otsaila bitarte.
Urtarrilean neurketa horretan eskuratutako datuak liburu batean bildu eta aurkeztu ostean, ordea, sortu da kalapita.
Kontseiluaren aburuz, udalek praktikan jartzen dituzten hizkuntza-politikak ezinbestekoak dira herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta, hortaz, hilabeteetako lanaren ostean eta datuak mahaigaineratuta, udalerrietan hizkuntza-politika berria ezinbestekoa dela aitortu du Kontseiluak; ikerketaren arabera, aztertutako 66 herrietako udalek ez baitute euskara lehenesteko eta sustatzeko ahaleginik egiten.
Bi milioi biztanle baino gehiagorengan eragina duten 66 herri horietako hizkuntza-politikak neurturik, egoeraren balo- razio orokorra egin eta aurrerantzean herri guztietan euskara sustatuko duen hizkuntza-politika eraginkorragoak ezar- tzea galdegin du Kontseiluak haren ikerketarekin.
Lau hiletan barna egindako azterketak, hizkuntza paisaia, udal langileak, euskalgintza edota merkataritza eta lan mundua gisako hamar atalez osatutako galdetegia izan du abiapuntutzat. Bildutako 9.000 erantzunak www.kontseilua. org/udalneurketa helbidean aurki daitekeen programa informatiko batean sartu ditu Kontseiluak eta, aditu eta laguntzaile ugariren ahaleginarekin alderaketa eta azterketa sakonen ostean, hainbat ondorio ere atera ditu.
Plazaratutako ondorioak esanguratsuak dira oso. Lehena eta negatiboena, herri guztiek jasotako puntuazio maila zazpi puntutik beherakoa izatea da. Jasotako erantzunen azterketaren ondotik, 0tik 10era bitarteko notak ezarri dizkiote udalerriei; 0 puntu izateak hizkun- tza-politikak euskarari inolako tarterik ez diola eskaintzen adierazten du eta 10 puntuek euskara hutsezko funtzionamendua definitzen du. Ikerketaren arabera, zazpi puntu eskuratzeak euskara lehenesteko eta sustatzeko udalak egiten duen ahalegina adierazten du, hau da, zazpi puntutik gora lortzen dituen udalerriak herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko gutxieneko mailaren jabe direla ondoriozta daiteke. Ikerketak, ordea, argi erakutsi du aztertutako udalek ez dutela hizkuntza nazionala lehenesten, inork ez baitu zazpi puntuak eskuratu; gehien hurbiltzen diren udalak, hain justu, Azpeitia, Lekeitio, Oñati eta Tolosakoak dira, 6,28, 6,58, 6,54 eta 6,48 punturekin, hurrenez hurren.
Udalerriek eskuratutako puntuazioa ezagutza tasarekin estu lotua dagoela frogatu du ikerketak, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, hizkuntzaren statusa baino erabakigarriagoa izan baita herritarren ezagutza tasa. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoera desberdina da ordea, emaitza nahiko baxua baita ezagutza maila desberdinak izanda ere.
Ofizialtasunaren afera
Euskararen ezagutzak zeresan handia badu ere, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako hegoaldeko herrientzat dira puntuazio baxuenak: Tutera 0 punturekin, Baiona 0,002rekin eta Hazparne 0,21 punturekin daude azken postuetan. Finean, euskarak ofizialtasunik ez duen eremuetan ematen dira egoera gordinenak.
Kontseiluak deigarritzat jotzen duen beste ondorioetako bat, Bilbo ezkerraldeko udalerri handien puntuazio eskasa da. Barakaldo 1,13ko puntuazioarekin, Santurtzi 1,31rekin eta Portugalete 1,57 punturekin, rankinaren azken postuetan agertzen dira. Herri horien kokaguneak euskarari ezartzen dizkion status eta corpus juridikoek beste politika bat aplikatzeko aukera eskaintzen dietela argudiatu zuten eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, «utzikeria eta normalizazioaren kontrako jarrera gisa» ulertzen ditu udal horien jarrerak.
Topikoak hautsiz
Kontseiluak gauzatutako azterketak argi eta garbi erakutsi du, alderdi politiko desberdinek ez dutela hizkuntza politika homogenorik egiten. Izan ere, PPk kudeatzen duen Gasteizko Udalak 3,55eko puntuazioa eskuratu du eta EAJk zuzentzen duen Bilboko Udalak baino puntu bat gehiago eskuratzen du. Euskara ofiziala ez den guneetan ere, PSN buru den herriek lortutako hainbat datu, Burlatakoa adibidez, 2,59 punturekin, PSEk kudeatzen dituen beste batzuk baino positiboagoak dira.
Kontseiluaren aburuz, larria da oso Bilbon dagoen egoera. Euskara ofiziala den lurralde batean eta alderdi abertzale bat buru izanda 2,6 puntu eskuratzea kritikatu du. Herri populatuena izanik urgentziaz jokatzeko deia egin du erakundeak.
Kontseiluaren iritziz, hizkuntza-politika hiru elementuk zehazten dute: corpus juridikoa, euskararen aldeko arau bilduma; esleitu diren baliabide ekonomiko, administratibo eta bestelakoak...; eta euskararen egoera bera.
Hizkuntza-politiken sailkapena egiterako orduan, 7 puntu eskuratzeak euskara lehenesteko egiten den ahalegin minimoa adierazten du. Neurketak, ordea, argi erakutsi du Euskal Herriko udalek ez dutela ahalegin gutxieneko hori egiten.
Kontseiluak gauzatutako ikerketan udalerriek lortutako datu orokorretaz gain, udalek kudeatzen dituzten erabakiak ere aztergai izan dira.
Lehenik eta behin, hizkuntza-politikaren bidez eskuratu nahi diren helburu eta epeak jasotzen dituen plangintza orokorra ote duten itaunduta, aztertutako 66 udaletatik soilik 24k plangintzaren jabe direla onartu dute.
Udal ordenanatzak, aldiz, plangintza orokorrak baino ugariagoak dira, baina hala eta guztiz ere, ikertutako udalen erdiak dira ordenantza horren jabe. Kontseiluak azaldutakoaren arabera, arautegi horrek euskarak tokian toki izango duen corpus juridikoa zehazten du, eta udal ordenantza kopuru urria ikusita, borondatean oinarritutako eta babes juridikorik gabeko hizkuntza-politika gauzatzen dela kritikatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak.
Maizenik onartzen diren erabakien artean, ez dira neurri betearazleak kokatzen; paisaia euskalduntzeko, laguntzetarako edota eskaintzetarako neurriak dira ohikoenak.
Langile berriak kontratatzerako orduan, elebitasuna aintzat hartzeko elementua izatea, aztertutako 66 herrietatik soilik 14k dute onartua eta neurri hori azken aurreko postuan kokatzen da. Beste hainbeste gertatzen da hainbat udal sailek ematen duten herritarrekiko arretarekin; aztertutako udaletatik 16 baitira udal langile guztiak barnebiltzen dituen plangintza abian dutenak.
Enpresen eta zerbitzuen gaineko neurriak oso ahul agertzen dira ikerketan, baita azpikontratazio edota laguntzen banaketaren auzia ere. Udalek herriko lanak gauzatu ahal izateko azpikontratatzen dituzten enpresei edota diru laguntzen hartzaileei ez diete hizkuntzaren gaineko eskakizunik egiten, kasuen %60an.
Udalen barne funtzionamendua ere nahiko baxu ageri da, udalerrien herenean bakarrik ziurtazen baita euskararen erabilera osoko bilkuretan.
Kontseiluak esandakoaren arabera, udal desberdinek saihestu egiten dute politika betearazletarantz urratsak egitea, «hartutako arauen segimendu zorrotzik egin gabe arituz».
Kontseiluak gauzatutako neurketak argi erakutsi du alderdiek ez dutela hizkuntza-politika homogeneorik: izan ere, alderdi berdinak zonalde batean edo bestean aurrera daraman politika erabat desberdina dela frogatu baitu.