GARA > Idatzia > Ekonomia

Nekazaritza eredua, Bizkaiko EHNEren biltzarraren ardatz

Zuzendaritza berria hautatu eta etorkizuneko nekazaritza ereduaren inguruan hausnartu zuen atzo Bizkaiko EHNEk Durangon egin zuen seigarren biltzarrean. Mikel Kormenzanak presidente izaten jarraituko du eta Ainhoa Iturbe idazkari nagusi izendatu zuten. Enplegua sortzeaz gain, kultura eta ingurumena aintzat hartzen dituen nekazaritza babestu zuen sindikatuak. Era berean, baserritarren eta kontsumitzaileen arteko tartea murriztu nahi du.

A. LERTXUNDI |

Ia ehun ordezkari bildu ziren atzo Durangon EHNEren seigarren biltzarrean parte hartzeko. Gai zerrendan, zuzendaritza berria izendatzea zegoen. Barne antolakuntzari dagokionez, hori izan zen berrikuntza nagusietariko bat; izan ere, orain arte, zuzendaritza zortzi pertsonak osatzen zuten. Hemendik aurrera, hamaika lagun egongo dira exekutiboan.

«Hiru pertsona gehiago barneratzeak EHNEk berdintasunaren, emakume eta gazteen parte-hartzearen alde egin duen apustuari erantzuten dio», azaldu zion GARAri Mikel Kormenzanak. Urduñarrak presidente izaten jarraituko du. Idazkari nagusi kargurako Ainhoa Iturbe ajangiztarra hautatu zuten.

Biltzarrean «EHNEren laguna» deritzan kanpaina martxan jartzea erabaki zuten. «Jende asko gugana etortzen da sindikatua lagundu eta babestu nahian, baina, nekazariak ez direnez, ezin genituen afiliatu. Modu honetan, hutsune hori beteko dugu», adierazi zuen Kormenzanak. Aldi berean, gazteak «progresiboki afiliatzeko» erronka dutela aipatu zuen. «Lehen bi urteetan, `lagun' gisa egongo dira eta, hirugarren urtean, afiliatuak izatera pasako dira», helarazi zuen.

«Baserria bultzatuz» lelopean eginiko biltzarrean, lurraren defentsa, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, nekazaritza eta ingurumena jorratu zituzten besteren artean. Etorkizuneko nekazaritzak nolakoa izan behar duen ere izan zuten hizpide. «Eredu iraunkorra defendatu eta bultzatzen dugu. Enplegua sortzen duena, kalitatezkoa eta kulturari eta ingurumenari errespetua dien nekazaritza nahi dugu», adierazi zuen.

Alde horretatik, baserritarren eta kontsumitzaileen artean egun dagoen tartea murriztu nahi dutela esan zuen. Kate horren muturreko bi aldeak gerturatzea du helburu; «etekinak erdian gelditzen baitira».

Duintasuna eta kalitatea

Bai berentzat, bai ekoizleentzat baita kontsumitzaileentzat ere duintasuna eta kalitatea eskatu zituen Kormenzanak. Horri lotuta, eta «askok esaten dutenaren kontra, nekazaritzan sobera inor ez» dagoela plazaratu zuen. «Sektore honetan baserritar guztiak gara beharrezko gure kontsumitzaileen beharrei ahalik eta hobekien erantzun ahal izateko», adierazi zuen.

Hartara, Erantzukizun Partekatuko Nekazaritza sortu dute ekoizle eta kontsultarien arteko «aliantzak» sustatu nahian. Zertarako? «Tokian tokiko produktuak bertan kontsumi daitezen, errenta duinak lortzeko eta kalitate integraleko produktuak ahalbidetzeko sortu dugu», azaldu zuen. Horrek guztiak tokiko ekonomiei egiten diela mesede nabarmendu zuen, gainera.

«Eskatzetik alternatibak sortu eta martxan ipintzera pasa behar dugu, Administrazioak kasu askorik ez baitigu egiten», esan zuen Bizkaiko EHNEren presidenteak. Laburbilduz, atzoko biltzarra «oso positibotzat» jo zuen, parte-hartzea «handia» izan baitzen.

kide gehiago

Zuzendaritzak hamaika kide izango ditu, orain arte egon direnak baino hiru gehiago. «Berdintasunaren, emakume eta gazteen parte-hartzearen aldeko apustua da», adierazi du Mikel Kormenzana presidenteak.

guztien beharra

«Sektore honetan baserritar guztiak beharrezko gara gure kontsumitzaileen beharrei ahalik eta hobekien erantzun ahal izateko. Inor ez dago sobera nekazaritzan», jakinarazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo