Euskararen egoera islatzen duen erakusketa Ipar Euskal Herriko lurraldeetan ikusgai
EHEk atondu erakusketaren zioa «euskararen egoera larriaz jabetu eta herritarrak hizkuntz eskubideen defendatzaile" bilakatzea da. Hiru hilabetez Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko lurretan izango da.
Maria AIZPURUA |
«Gure hizkuntzarekin atxikimendu minimoa duen edonor bereziki gonbidatzen dugu erakusketa ikustera», adierazi zuen Anita Parachouk, datorren apirilaren 24tik goiti, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko zazpi herritan ikusgai izanen den erakusketa iragartzeko. Erakusketa osatze aldera, hitzaldi sorta emango dute Kontseiluaren eta Behatokiaren partaidetzarekin.
Euskal Herrian Euskaraz-eko (EHE) kideak ekimenaren garrantzia nabarmendu zuen. Honakoa esan zuen: «Egun, Ipar Euskal Herriko gizartean, euskararen aldeko oniritzia duela urte batzuk baino zabalagoa baldin bada ere, premiek oso larriak izaten jarraitzen dute».
«Gobernu frantsesak eman dituen ogi apurrek ez dituzte, inondik inora, gure hizkuntzaren beharrak asetzen», gaineratu zuen Parachouk. «Hainbatetan frogatu bezala, Bai Euskarari edo ikastolak adibidez, herritarren ekimenek eta mobilizazioek erabat beharrezkoa izaten jarraitzen dute», adierazi zuen ondotik.
Eskubideen defendatzaile
Erakusketa herritarrak euskararen egoeraz jabetzeko tresna izatea nahi du EHEk. Yves Matxikotek azaldu zuen beren elkartearen zeregina ere badela hizkuntz eskubideak babestea baina, harago, «herritarrak berak hizkuntz eskubideen defendatzaile bilakatzea» guztiz beharrezkoa dela esan zuen.
Hain zuzen ere, datorren maiatzaren 6an Azpeitian egingo duten Hizkuntz Eskubideen Egunean parte hartzera deitu zuen Matxikotek.
Bide batez, hasieran egun hori Atarrabian eta Burlatan egiteko asmoa zutela baina bertako herriko etxeek ez zutela utzi gogorarazi zuen. Debeku hori salatzeko, bezperan Nafarroako bi herriak lotuko dituen manifestazioa egingo dute.
BAIONA
Apirilak 24 - Maiatza 2 Pyrenees/ Cafe Salud/Xilko. Hitzaldia, Xilkon apirilaren 27an, 19.00ean. Gaia: Hizkuntza Eskubideen Eguna
ZIBURU
Maiatzak 8 - Maiatzak 15 Bittor/Tana. Hitzaldia, Tanan maiatzaren 11n, 19.00etan. Gaia: Herriko hizkuntza politika
UZTARITZE
Maiatzak 15 - Maiatzak 29 Didier/Ttirritta. Hitzaldia, Lapurdi gelan maiatzaren 25ean, 19.00ean. Gaia: Herriko hizkuntza politika
MAULE
Maiatzak 29 - Ekainak 12 (tokia zehazteke). Hitzaldia, ekainaren 8an, 19.00etan. Gaia: Hizkuntza Eskubideen Behatokia
HAZPARNE
Ekainak 12 - Ekainak 21 Xuriatean. Hitzaldia, ekainaren 22an, 19.00etan. Gaia: Herriko Hizkuntza Politika
DONIBANE GARAZI
Ekainak 26 - Uztailak 10 Kalakan. Hitzaldia, uztailaren 6an,19.00etan (tokia zehazteke dago). Gaia: Herriko hizkuntza politika
ezpeleta
Uztailak 10 - Uztailak 24 Xina ostatuan. Hitzaldia, uztailaren 13an, 19.00etan (tokia zehazteke). Gaia: Eskolak euskaldundu