SUPERLIGA Zuri-gorriak, laugarren txapelaren bila
Athleticek ez zuen aldea murriztu gol asko sartu arren
Athleticek, berriro ere, bere lana bete zuen, oraingo honetan Atletico Madrilen aurka eta San Mameseko indarraren laguntzarekin. Bilbotarrek, hala ere, lider izatetik bi puntura segitzen dute
GARA | BILBO
Hainbat hilabete geroago, emakumezkoen Athletic San Mamesera bueltatu zen. Zelaiak -15.000 zale joan ziren- eta taldeak beren zereginak bete zituzten, zuri-gorriak bultzatzen batak eta partida irabazita besteek, baina ez zen nahikoa izan egoera hobetzeko. Bi jardunaldi besterik ez dira geratzen denboraldia amaitzeko, eta Espanyolek kentzen dion aldea bere horretan mantentzen da.
Baina Kirol Diziplina Batzorde espainolak behin betiko erabakia jakinarazi bitartean, Athleticek Superligako talderik onena dela erakutsi nahi du, eta horretan dihardu. Oraingoan, bi asteko etenaldia berrindartzeko aprobetxatu duela erakutsi zuen.
Zuri-gorrien ibilaldia saritu nahi zuen klubak, eta denboraldiko azken partidetako agertokia aldatu zuen. Iñigo Juaristiren neskek ederki eskertu zuten: gol asko sartuta.
Guruk lehenbizikoa egin zuen partida hasi bezain laster, Ibarrak ateratako falta bat aprobetxatuta. Ordu laurdena bete eta Itziarrek aldea handitu zuen, oraingo honetan Gururen paseari esker. Marrek buruz egindako golak urduritasuna sortu zuen, baina zuri-gorrien etengabeko aukerek argi utzi zuten puntuak Bilbon geratuko zirela. Azken zalantzak Tzibik deuseztatu zituen lehen zatiko azken minutuetan.
Joera ez zen aldatu bigarren zatian. Izan ere, markagailua loditzeko besterik ez zuen balio izan, Oruetak eta Ebak egindako golei esker.
Datorren astean Rayo Vallecano bisitatuko dute bilbotarrek. Berriro ere bi helbururekin: beren garaipena eta Espanyolen behaztopa.
5
1