GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Ormaetxeak inork uste baino errazago irabazi du

Alkizaletek ezin izan zituen lanak amaitu, eta hamabigarrengoan utzi zuen

Jon LEUNDA | ASTEASU

Jexuxmari Ormaetxea Urki-k irabazi zuen atzo Asteasun jokatu zen aizkora apustua, Xabier Alkizalete mendean hartuta. Aizkolariek hamalauna kana-erdiko moztu behar izan zituzten, eta alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen zituen dirutan.

Hamalau enborretatik, zortzi Ormaetxeak plazaratu zituen; sei, berriz, Alkizaletek. 1.000 ikusle inguruk bete zituzten Asteasuko pilotalekuko harmailak.

Ormaetxeak apustua erraz irabazi zuen, oso erraz. Izan ere, desafioak seigarren enborra amaitu bitarte iraun zuen. Alkizalete nerbioek jota plazaratu zen. Ez zuen urduritasun horiek alde batera uzterik lortu, eta berehala hasi zen ezinean. Lan erdietako enborretik jaitsi beharrean suertatu zen. Bazirudien hor utziko zuela, baina gogorra dela erakutsi zuen, eta hamabigarren kana-erdikora bitarte jarraitu zuen, baina hori amaitu aitzinetik utzi zituen lanak, batez ere lagunengatik, berak, ezin izan arren, aurrera jarraitu nahi baitzuen.

Lehenengo sei enborretan gauzak estu izan ziren. Estreinako hiruretan, Ormaetxea zen aurretik, baina hirugarrengoan, segundo bakar bateko aldea zegoen. Hor, etxeko aizkolariak aurrea hartu zuen, eta laugarrengoan, minutu erdi bat alde zuen. Bosgarrengoan, hamalau segundo kentzen zizkion, eta seigarrengoan, berriro ere minutu erdi batera ihes egin zion Asteasukoak.

Zazpigarrengoan hasi zen, ordea, Alkizaleteren gurutze bidea. Ordura arte, eta pilotaleku barruan bero egin arren, izerdi tanta bat ere ez zuen isuri, eta bere koloreek zuriak izaten jarraitzen zuten.

Behin baino gehiagotan jaitsi behar izan zuen enbor gainetik, eta lan erdietan bi minutu eta erditik gorako aldea kendu zion Ormaetxeak.

Desafioa amaituta zegoen, Ormaetxeak lanak amaitzea nahikoa baitzuen garaipena lortzeko, nahiko garbi baitzegoen Alkizaletek ez zituela amaituko, eta horixe egin zuen Ormaetxeak, lanean jarraitu. Modu horretan, bere lehen apustua bereganatu zuen. Hauek izan ziren bere denborak: 2.16; 5.04; 8.25; 13.06; 17.08; 21.20; 25.02; 29.30; 33.39; 37.58; 42.52; 44.30; 51.20 eta 55.39. Alkizalete: 2.27; 5.10; 8.26; 12.22; 16.54; 20.51; 27.47; 33.20; 38.40; 44.30; 51.55. Hamabigarrenean erretiratu zen, 56 minutu eta 21 segundo aizkoran zeramatzanean.

Sega baino gogorragoa omen da aizkora

«Hau sega baino gogorragoa da», esan zuen Ormaetxeak. «Hasieran nik ihes egin nuen, eta berak ere bai, baina enbor gogorrenetan geratu da. Hortxe egon da jokoa», esan zuen Orendaingo segalari eta aizkolariak. Atzo lehen apustua zuen, eta irabazi egin zuen.

Nerbioen eragina kendu ezinik aritu zen asteasuarra

«Hasieratik ibili da ezinean. Nerbioek jota etorri da, eta gainditu egin dute. Ez da izerditan hasi ere egin. Aurretik ibili denean ere ezin izan da errekuperatu», esan zuen Anjel Arrospide aizkolari eta atzo Xabier Alkizaleteren erakusle lanetan aritu zen gizonak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo