Nazabalek irabazi arren, Arria V.ak oso itxura ona eman du
J.L.| ZUMAIA
Floren Nazabalek irabazi zuen atzo Zumaian hasi zen Urrezko Aizkorako final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia, Arria V.a menderatuta, baina errezildarrak itxura ona eman zuen.
45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu zen estreinako lana, eta Etxarrikoak irabazi zuen, 34 kolpetan erdibitu baitzuen enborra, eta baten aldea kendu zion errezildarrari.
Bigarrengoan, 45 ontzakoa erlojuz kontra moztu behar zuten, eta hori Arriak bereganatu zuen, 48 segundoan erdibitu baitzuen enborra, eta bost segundo atera zizkion Nazabali.
Hirugarrengoan, 45ekoa zutik moztu behar zuten, eta Nazabalek irabazi zuen. 1.10 izan zen bere denbora, eta 1.19, Arriarena. Laugarrengoan, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta Arriak irabazi zuen. 1.40 izan zen bere denbora eta hiruko aldea kendu zion Etxarrikoari.
Bosgarrengoan, oin bateko enbor bat zutik eta bestea etzanda ebaki behar zituzten, eta Nazabalek minutu eta 41 segundoan erdibitu zituen; minutu eta 53 segundoan, Arriak. Azkenik, bi 45 ontzako eta lau kana-erdiko moztu behar zituzten. Nazabalek 11 minutu eta 59 segundoan amaitu zituen lanak, eta 12 minutu eta 45 segundoan, Arriak. Lan guztiak burutzeko, 18 minutu behar izan zituen Etxarrikoak, eta minutu eta hiru segundo gehiago behar izan zituen Errezilkoak. Jon Rekondo da multzo horretako beste aizkolaria.
Atutxak, erraz
23 urtez azpiko lehiaketan, ez zen ezustekorik izan, eta Atutxa II.ak erraz menderatu zuen Amillano.
Aizkolariek lau lan ezberdin egin behar izan zituzten, eta denetan Atutxa nagusitu zen. Bizkaitarrak ez zuen aparteko eragozpenik izan irabazteko. 11.39 izan zen amaieran berak egin zuen denbora, eta bi minutu gehiago behar izan zituen Amillanok.