GARA > Idatzia > Gutunak

Mikel Irastortza EHEko kidea

Hizkuntza eskubideak Euskal Herrian

Seigarren urtez Hizkuntza Eskubideen Behatokiak hizkuntza eskubideen egoerari buruzko txostena ezagutarazi du. Seigarrenez eskubide horiek Euskal Herri osoko esparru eta administrazio guztietan urratzen direla ondorioztatu du. Seigarrenez administrazioek eta beste zenbait eragilek behar den neurririk ez dutela hartzen eta, gainera, euskaldunari zigorra aplikatzen diotela esan du. Behatokiak egindako azterketa objektiboa da erabat, herritarrek pairaturiko urraketa egoera zehatzetan oinarritzen baita.

Behatokiaren txostenak argi erakusten du hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa dela. Urtez urte agerian geratzen ari da egoera hori estrukturala eta planifikatua dela. Agerian dago egun Euskal Herrian indarrean den markoak erdaldunen hizkuntza eskubideak osoki babesten dituela eta euskaldunonak urratzeko sortu izan zela. Egungo markoak, eta hainbat instituzio eta eragileren kolaborazioak, estatu espainolari eta frantsesari ahalmen guztiak ematen dizkie hizkuntza zapalkuntzarekin jarraitzeko. Egungo markoan euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izatea eta normalkuntza prozesua bururaino eramatea ezinezkoa da.

Garaia heldu da behingoz euskararen estatusa aldatzeko. Euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan gauzatuko duen marko berri bat eraiki eta hizkuntza eskubideak bermatzeko hizkuntza politika integrala ezinbestekoa dugu. Alderdi politikoek eta instituzioek ahalbidetzen duten zapalkuntza linguistikoaren aurrean, irmo jarrai dezagun gure hizkuntzaren defentsan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo