GARA > Idatzia > Euskal Herria

9.000 pertsonak NUPeko errektore berria hautatuko dute

Bihar izango da NUPeko errektore berria aukeratzeko hauteskundeen lehen itzulia. Bigarrenaren beharra izango da hautagaietako batek %50etik gorako babesa lortzen ez badu. IAk baraualdi mugagaberako deia egin du, eta Bestelako Unibertsitate Baten Aldeko Hitzarmenaren bultzatzaileek Purroyk ez duela haiekin bildu nahi izan salatu dute.

IRUÑEA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko 9.229 ikaslek, irakaslek eta langilek daukate gaur boza emateko eskubidea. Horien bitartez erabakiko dute aurkeztu diren hiru hautagaietako zein izango den nafarroako unibertsitateko errektore berria: Juan Manuel Cabases, Julio Pedro Lafuente edo Antonio Purroy.

Apirilaren 4an hasi zen igandetik atzora bitarteko gauerdian amaitu zen hauteskunde kanpaina, eta bitarte horretan, hainbat hitzaldi, eztabaida eta bilera egon dira unibertsitatean. Atzo hausnarketa eguna izan zen, eta gaur 10.00etatik 18.00ak arte egongo dira zabalik hauteslekuak Arrosadiako campusean. Tuterakoan, aldiz, 12.00etatik 17.00ak arterainoko tartea izango dute boza emateko, hala nahi dutenek.

Bozen zenbaketa, boz ponderatuaren sistemari jarraiki egingo dute. Hala, irakasle funtzionario doktoreen (327 orotara) bozak %54eko balioa izango du, irakasle funtzionario ez doktore eta kontratatuenak (562 pertsona) %18koa, ikasleenak (7.907) %20ekoa eta administrazio eta zerbitzuetako langileenak (433) %8koa.

Arratsaldeko 18.00etan, hauteslekuak ixten direnean, ekingo diote kontaketari eta hautagaietako batek ere ez baldin badu %50etik gorako babesik lortzen, bigarren itzulia egin beharko dute maiatzaren 4ean. Hori bai, horretan, lehen itzulian bozka gehien jaso dituzten bi hautagaiak baino ez dira egongo.

Sektore kritikoa, birekin soilik

Joan den astean aurreratu bezala, beste unibertsitate baten aldeko plataformaren bultzatzaileak hiru hautagaiekin biltzen eta horiei beren eskariak azaltzen saiatu dira. Atzo jakinarazi zutenez, hiruretatik birekin biltzea baino ez dute lortu, beren esanetan, «Antonio Purroy hautagaiak ez baitzuen hitzarmenaren bultzatzaileokin elkartzeko inolako asmorik adierazi».

Horrek ikasle, irakasle eta langileak biltzen dituen talde horretan bi ondorio izan dituela adierazi zuten: batetik, ez diela aukerarik eman horren iritziak besteenekin partekatzeko, eta bestetik, «kezka». Horien esanetan, «mantendu duen jarrerak argi utzi du muzin egiten diola unibertsitateko sektore baten hitzari, eta horri oso esanguratsua deritzogu NUPeko errektore izendatzekotan aurrera eramango duen politika zein izango den baloratzeko orduan», adierazi zuten.

Besteekin bildu dira, eta horiengandik mezu ezberdinak jaso dituzte. Lafuente, adibidez, eskakizun gehienekin ados dagoela azaldu zuten, baina arazoa «praktikara eramateko orduan» dagoela. Euskararen plan estrategikoa garatzeko gai izango dela adierazi zien, baina ez elebitasunaren helburua beteko duenik. Bolognako prozesuaz eztabaida egiteko eta hori erabakiorra izan dadin prest dagoela ere esan zuen, baina nola egin aztertu beharko duela. Bozketa sistemari dagokionez, doktoreen %50eko indarrarekin bat datorrela esan zuen, baina gainerakoak berrikusteko prest dagoela. Unibertsitateko zenbait zerbitzu enpresa pribatuen esku egotearenaz, aldiz, publikotasunaren «jarraitzaile sutsua» dela esan arren, kudeaketa hori zer dela-eta egiten den jakin beharko duela lehenbizi eta ondoren hitz egingo duela.

Cabasesek ere euskararekin hartu zuen konpromezu bakarra plan estrategikoa garatzearena izan zen. Bolognarekin ados azaldu zen baita eztabaida egotearekin ere, baina ez hori erabakiorra izatearekin. Erabakiak zentro bakoitzeko batzordeek hartu behar dituztela defendatu zuen. Bozketa sistema ere berdin mantendu behar dutela adierazi zuen, baita enpresa pribatuen kudeaketa ere.

Sektore kritikoak, azkenik, bestelako unibertsitate baten alde sinatu berri duen hitzarmena publiko egingo duela iragarri zuen, «gizarte osoa izan dadin eragile aktibo».

NUPen baraualdi mugagabea hasiko dute gaurtik aurrera

Gaur bertan izango da NUPeko errektoretzarako hauteskundeen lehen itzulia, eta Ikasle Abertzaleek baraualdi mugagabea deitu dutela jakinarazi dute. 24 orduko txandak egingo dituztela ere aurreratu dute.

Gogoratu beharrekoa da, honi dagokionez, IAk ikasleriaren eskakizun zenbait biltzen dituen taula bat igorri ziela joan den astean hiru hautagaiei, baina bakar batek ere ez ziola horri baiezkorik eman. Hori dela-eta, IA-k «ikasle alternatibaren aldeko boza» eskatu du, eta horretarako papeleta bereziak banatu ditu.

Baraualdiari gaur eguerdian ekingo diotela azaldu du IAk, eta NUPeko ikasle guztiei dei egin die ekimen horrekin bat egin eta ikasleriaren eskubideak defenda ditzaten. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo