GARA > Idatzia > Errugbia

ERRUGBIA Ohorezko B Maila

Hernanik Monte Ciencias kanporatu behar du igotzeko

Gipuzkoarrek Ohorezko Mailarako igoera faseko lehen partida etxean, Landare zelaian, jokatuko dute maiatzaren 13an, eta astebete beranduago itzulerako norgehiagoka izango dute Sevillan

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Amaitu da Ohorezko B Mailako Liga, eta Hernanik Ohorezko Mailarako igoerako kanporaketa jokatu beharko du. Hori lehendik ere bazekien. Aurkaria, berriz, ez. El Monte Ciencias izango du aurrez aurrez.

Gipuzkoarrek ez dute aurkari samurra izango, Ohorezko mailan eskarmentu handia duen taldea baita andaluziarra. Hala ere, Hernani aritu den multzoa gogorragoa dela esan dute. Alderik txarrena, berriz, lehen partida etxean jokatu beharra izango duela; bere multzoan bigarren izan denez, horrela egokitzen baititzaion talde hernaniarrari. Joaneko partida maiatzaren 13an jokatuko dute Landaren, eta astebete beranduago itzulerakoa izango da Sevillan.

Joan den asteburuan Ligako azkeneko jardunaldia jokatu beharra zegoen, ordea, eta Hernanik garaipen batekin agurtu ahal izan du denboraldia. Derbia zen, gainera, Landaren, eta Durango zuen aurrez aurre.

Bizkaitarrek ere ez zuten ezer jokoan, mailari eusteko txartela aspaldi eskuratuta baitzuten, eta 24-14 irabazi zuten Hernanikoek. Gipuzkoarrak jaun eta jabe izan ziren, eta alde nabarmenarekin heldu ziren azkeneko minutuetara, baina amaiera horretan Durangok bi entsegu egin zituen, eta markagailua itxuratu ahal izan zuen.

Gernikak, berriz, Valentzia hartu zuen, eta sekulako entsegu festa egin zuten, amaieran 96-7 irabazteko. Valentziarrak maila aspalditxo galduta zuten, eta ez zuten ezer egin, eta ez zuten aparteko gogorik ere erakutsi, eta Gernikako jokalariek eta zaleek gozatu ederra hartu ahal izan zuten.

Berde-beltzak ez ziren ongi hasi, azkeneko postuan ere egon ziren jardunaldi batean baino gehiagotan, baina amaieran lan bikaina egin dute eta laugarren postuan amaitu dute.

Hernani izan da multzoko euskal taalderik onena, eta bigarren amaitu du 48 punturekin. Gernika laugarren geratu da 35 punturekin, eta Durango seigarren 30ekin.

Heldu den urtean maila horretara ez da behetik inor helduko, Nazional Ligatik igoera fasea jokatzeko sailkatu ziren bi euskal taldeek agurtu baitute denboraldia.

Eibarrek gertu izan zuen hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela, baina entsegu bat falta izan zitzaion helburua lortu ahal izateko. Eibartarrak Arkitektura taldearen aurka aritu dira, eta joanekoan 25-8 galdu zuten. Itzulerakoa, 25-12 irabazi dute, baina ez da nahikoa izan aurrera egin ahal izateko.

Gaztedik oso zaila zeukan kanporaketa, joaneko partida etxean galduta baitzegoen Lavillaren aurka 38-5, eta itzulerakoan ere gauza bera egin zuten, oraingoan, 38-9.

Angelu eta Hendaia

Liga Federalean, Hirugarren Mailan bakarrik izan dira partidak, eta bertan igoera fasea hasi da. Lau talde ziren, baina ASB Baionakoak hori ez zuen jokatu beharrik. Hiru ziren asteburu horretan lehian, eta bik aurrera egin dute.

Angeluk Sevignacq taldearen aurka jokatu zuen, eta talde lapurtarrak 16-14 irabazi zuen, eta hurrengo kanporaketrako txartela lortu zuen. Hendaiak, berriz, Blaye menderatu zuen 23-0. Mugerrek, aldiz, ezin izan zuen Saint Cermnin taldearen aurka, eta lapurtarrek 15 eta 11 galdu zuten. Hurrengo kanporaketan, Hendaia eta ASB Baikonakoa elkarren aurka neurtuko dira.

Bestetik Cote basque-Landes ligan, Azkainek Bigarren Mailako finala jokatu ahal izango du, Sararen aurkako derbia 10-6 irabazi baitzuen.

Gernika-durango

Gernikak eta Durangok ere denboraldi ona egin dute, eta heldu den urtean ere maila honetan izango dira-Berde-beltzak gaizki hasi ziren, baina oso indartsu amaitu dute. Zuri-urdinek, aldiz, aspaldi samar zihurtatu zuten bertan jarraitzeko rtxartela, eta azken txanpa luzea egin zaie

Gaztedi eta eibar

Gaztedik eta Eibarrek jokatu dute Ohorezko B mailarako igoera fasea, baina biak lehen kanporaketan joan dira etxera. Gipuzkoarrak doi-doi geratu dira kanpoan, baina arabarrek bi partidak galdu dituzte

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo