GARA > Idatzia > Kultura

«Urkamendi blues» da Sexty Sexers taldeak kaleratu berri duen lan gorpuztuena eta definituena

Berako boskoteak diskoa argitaratu du, eta blues eta rock doinuak dira nagusi. Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin, hamar abesti bildu dituzte gazteek orain arte egin duten disko «helduenean».

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ

Aldaketa nabaria dakar Sexty Sexers taldearen bigarren diskoak. «Urkamendi blues» izenarekin, Berako boskoteak «lan gorpuztuena» kaleratu berri du. Rock estiloko hamar abesti biltzen ditu Kaki Arkarazok nahasi duen CDak. Taldearen doinuak Katalunia aldean izango dira entzungai datorren apirilaren 29an. Ostean, Euskal Herrian aurkeztuko dute diskoa, Bilboko Kafe Antzokian maiatzaren 3an emango duten kontzertuan.

Eskarmentua

Sexty Sexers ez da talde berria. Urteetako eskarmentua duen gazte taldea baizik. Izan ere, 2002an Ameba izenarekin hasi ziren musikan sartzen. «Zauri gaziak eta amets hezeak» kaleratu zuten garai hartan. Ondoren, 2005ean, izenez aldatzea erabaki eta, gaur egungoarekin, «Iluntze berri baten bila» lana atera zuten.

Izen propioaren bilaketan Sexty Sexers aukeratu zuten Berakoek. «Ameba izeneko talde nahikotxo zeudela jakin genuen, Italian, Alemanian, Hego Ameriketan... eta hori izan zen batez ere izena aldatzeko arrazoi nagusia -azaldu du Mikel Larratxe taldeko abeslariak-. Bestetik, ameba hitzak berak gure izaera musikala anbiguo egiten zuen, eta gure garaiekin bat egiten zuen izena nahi genuen. Ordurako, eta hastapenetan ez bezala, gure musika asko finkatua baikenuen».

«Iluntze berri baten bila», aurreko diskoarekin alderatuz gero, entzuleak taldearen heldutasuna sumatuko duela onartu du Mikelek. «Aldaketa handiagoa eman dugu urte hauetan aurreko urteetan baino -nabarmendu du abeslariak-. Etengabe jotzen egon gara eta horrek ere ematen du esperientzia eta gauzak beste modu batera egiteko aukera. Disko hau dezente helduagoa eta gorputz indartsuagokoa da. Aurrekoa kanta sorta solte bat bezala gauzatu zen; honek, ordea, kanten arteko komuneko haria edo lotura baduela esan daiteke. Hortaz, izaera definituagoa daukala nabaria da».

Izenburuan bertan antzeman daitekeenez, 70eko hamarkadak eragina du Sexty Sexersen zereginetan. «Moda kontuetatik kanpo, guk gustuko duguna egiten dugu -aitortu du gazteak-. Eta egia da 70eko hamarkadako musika izugarri gustatzen zaigula eta gure musikaren funtsa hor dagoela».

Kaki Arkarazoren inplikazioa nabaria dela azaldu du Mikelek. «Aurreko diskoan bezala ez daude zuzenean kantetan kolaboratzen duten lagunak, baina Kakik nahasketan eginiko esku-sartzea oso garrantzitsua izan da eta zalantzarik gabe emaitzan sumatu da», adierazi du.

IZAERA FINKOA

Musika taldeak hiru disko kaleratu ditu orain arte. Bat Ameba izenarekin, autoekoitzitakoa, eta gainerako biak Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin.

Fitxa

Taldea: Sexty Sexers.

Tokia: Bilboko Kafe Antzokian diskoaren aurkezpen kontzertua.

Eguna: Maiatzaren 3a.

Diskoa: «Urkamendi blues».

Diskoetxea: Gaztelupeko Hotsak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo