GARA > Idatzia > Editoriala

82.500 sinadura demokraziaren zain

Hhautesle elkarteen berme gisa behar zen sinadura kopurua biltzeko epea agortuta, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Abertzale Sozialistak hautagai zerrendek behar zituztenak eta askoz ere sinadura gehiago bildu dituzte bi asteotan. Izan ere, 82.500 euskal herritarrek, beren lanak eta udaletxeetako eta notariotzetako ordutegiek utzi dietenean, sinadura eman dute hautagai zerrenda horiek hauteskundeetan parte har dezaten. Hartara, hautagai batek izan dezakeen legitimitaterik sendoena eman diote, demokrazian legitimitatea herritarrek ematen badute, behinik behin.

Sinadura kopuru hori, zalantzarik gabeko zilegitasuna emateaz gain, herritar horiek guztiek hauteskundeak demokratikoak izatea zein garrantzitsua den ondo dakiten seinale da. Eta sektore garrantzitsu bat bazterturik uzten badute ez da hauteskunde demokratikorik izango. Beraz, nekez egin diezaioke muzin inork herritarren borondatearen adierazpen horri, nekez estatu demokratiko baten izenean. Baina euskal herritarren erantzun hori, printzipio demokratikoei ez ezik, momentu politikoari lotuta ere aztertu behar da. Argi dagoela dirudi hauteskundeetan aukera guztiak egon behar dutela, eta, gainera, herri honen normalizazio prozesuak hala behar duela. Sinadura uholde hori, azken batean, normalizazio prozesuaren aldeko mobilizazio handia ere izan da.

Gaur bilduko dira Auzitegi Goren espainoleko 61. gelako magistratuak ASB alderdien erregistroan sartu edo ez erabakitzeko. Haien erantzunak Estatuaren izaera demokratikoa zalantzan jar lezake berriro, Euskal Herrian azken bi asteotan bildutako sinadurek denen parte hartzea eta prozesu demokratiko bat eskatzen duten artean. Sinadura horiek, azkenik, mezu bat dira Alderdiaren Legea errefusatu baina haren ondorioen errua ezker abertzaleari egozten diotenentzat eta, oro har beren burua demokratatzat duten guztientzat: herritarrak, berriro ere, eta inoiz baino argiago, mugitu dira, eta besteen mugimenduen zain daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo