GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroako Gobernuak 15,9 milioi emanen ditu euriteek sortutako kalteak arintzeko

Kontseiluan adostu zuten errepideak eta nekazaritza nahiz abeltzaintzarako azpiegiturak moldatzeko kreditua. Madrilgo Gobernuak eman beharreko laguntzaren gehigarria dela adierazi zuen Catalan bozeramaileak.

IRUÑEA

Nafarroako Gobernuak atzo egindako kontseiluan joan den hilabetean izandako euriteek sorturiko kalteak moldatzeko 15,9 milioi euroko kreditua bideraztea adostu zuen. Diru- laguntza hori abeltzaintza, nekazaritza eta errepideen azpiegituretara bideratzea da helburua. Alberto Catalan Gobernuko bozeramaileak adierazi zuenez, laguntza hori Madrilgo Gobernuak eman behar duenaren gehigarria da, kalteen neurria kontuan izanik, Madrilek aurre egin behar baitio arazoari.

Azpiegiturak berritzeko laguntza onartzeaz gain, Gobernuak lege proiektu bat onartu omen du; kaltetuak kontribuzioak egiterako orduan kontuan hartuko ditu. Lege proiektu hori Legebiltzarreko komisioak onartu beharko du.

Diru-laguntzatik 7,4 milioi errepideen moldatzean erabiliko dira. Horietatik lau, N-113 errepidearen zabaltzera bideratuko dira, Abetos izenarekin ezagutzen den ingurutik Castejónerako tartean, hain zuzen ere. Gainerako 8,5 milioiak nekazaritza sektorearentzat izanen dira. Javier Echarte Nekazaritza Saileko buruak adierazi zuenez, publikoak diren azpiegiturak osotasunean konponduko dira 5,7 milioirekin (gutxienez 3.000 euroko kaltea izanik). Asegururik ez duten lursail eta gainerako elementu iraunkorren moldaketa ere babestuko omen du Gobernuak; 2.000 euroko kalteak dituztenen %60, 4.000koen %50 eta 60.000koen %30. Laguntza horiek lursailak ustiatzeko elkarteak osatu dituztenek eskatu ahal izanen dituzte, gehienez elkarteko hiru kide bertzerik lagunduko ez den arren. Era berean, norbanakoak ere lagunduko dituzte 600.000 eurorekin galdu dituzten etekinengatik, baina kaltetuen %30 bakarrik laguntzea izanen da jarritako muga.

NaBaik adierazi zuenez, Legebiltzarrean errege-dekretuari onarpena emanen dio 2004ko laguntzak gainditzen dituela-eta. Hala ere, gabeziak omen ditu aipatutako legeak: nekazari asko laguntzarik gabe uzteko arriskua bai eta urak kontrolatzeko agentzia baten beharra ere, bertzeren artean.

EKH-ren utzikeria

Catalan eta Echarte Gobernuko ordezkariak Ebroko Konfederazio Hidrografikoari ur-bideak garbitzeko eskaera egin zioten, uholdeak saihesteko faktore garrantzitsua delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo