GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko Udaberriko Bertso Saioak jaialdia kabaretarekin zabalduko dute datorren barikuan

Bilboko Udaberriko Bertso Saioak jaialdiaren XXIII. edizioa osagai berritzaile batez abiatuko da: hiru emakumek kabareta eta bertsolaritza uztartuta antolatu duten umorezko ekitaldiaz.

BILBO

Santutxuko Bertso Eskolak eta Udalak elkarrekin antolatzen duten «Udaberriko Bertso Saioak» jaialdia atzo aurkeztu zuten Kultura eta Euskara Saileko zuzendariorde Iñaki Lopez de Agiletak eta, Onintza Enbeita eta Iratxe Ibarra bertsolariek. Azken horiek barikuan jaialdia zabalduko duen «Emetik bertso kabareta» ikuskizunaren zati bat antzeztu zuten hedabideen aurrean. Ikuskizun hori iluntzeko zortzietan hasiko da, Begoñako Udaltegian. Enbeita, Ibarra eta Perea bertsolariek prestatu duten ikuskizuna antzezteko -kabareteko artistak balira bezala azalduko dira publikoaren aurrean, lepoan lumazko boak daramatzatela- taberna giroko agertokia behar da. Askotariko ikuskizun horretan, bertsoak, musika eta antzerki osagaiak tartekatuko dituzte, kolorez eta lotsagabea eta zirikatuko duen umoreaz osatutako emanaldia eskaintzeko asmoz.

Lehenengo ekitaldi horren ondoren, Bilbon duela bi hamarkada luzez geroztik udaberriro antolatzen duten bertso jaialdi hori ohiko formatura itzuli eta Santutxuko Karmelo Plazara aldatuko da.

Luxuzko kartela

Maiatzaren 5ean izango direnek agertokian ikusi ahal izango dituzte BECen 2005an jokatu zuten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian jardundako bi finalista eta finalerdietara ailegatu zirenak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina. Hilaren 12an, Bizkaiko azken txapelketako finalera iritsi ziren lau bertsolariren txanda izango da: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue eta Fredy eta Xabi Paya anaiak.

Maiatzaren 19an, jaialdia amaitzeko antolatu dute kartel ezin erakargarriagoa. Bi gipuzkoar (Sebastian Lizaso, 1986ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian gailendu zen bertsolari beteranoa, eta Jon Maia zumaiarra, zenbait finaletan jardundakoa) azalduko dira oholtza gainera, eta horiekin batera, Durangoko bi bertsolari bizkaitar: Unai Iturriaga eta Igor Elortza, Bizkaiko txapela lau aldiz irabazi duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo