Euskal presoak politikotzat jotzeagatik kexa egin nahi dio Senatuak NBEri
Lankidetza eta Kanpo Gaietarako Senatuko Komisioak, euskal presoak, preso politiko gisa izendatzeagatik, NBEko idazkari nagusiari kexua helaraztea onartu du, PSOEk kontrakoa bozkatu badu ere.
MADRIL
Lankidetza eta Kanpo Gaietarako Senatuko Komisioak, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari orokorraren aurka kexu zehatza azaltzeko eskaria egin dio Gobernu espainolari, 2006ko martxoan torturaren inguruan argitaratutako txostenean euskal preso politikoak preso politiko gisa hartzeagatik. PPk ezarritako mozioa onartu zen atzoko saioan baina PSOEren bozak ez zituen alde izan.
Onartutako mozioan «bidegabekotzat» jotzen da NBEko Manfred Nowak, tortura errelatoreak, euskal preso politikoak «preso politikotzat» jotzea eta pertsona hauek egindako delitu-egintzengatik preso daudela adierazten da eta «ez idei politikoak defendatzeagatik».
Dispertsioa ezinbesteko tresna
Mariano Rajoy buru duen alderdiak aurkeztu zuen eta Senatuan onartu den mozioan Estatu espainolean egiten diren prozesu penalak «auzitegi independienteak» egiten diztutela adierazi eta «une oro giza eskubide eta berme prozesalak» zainduz egiten direla gaineratzen da.
Nowakek argitaratutako txostenean dispertsioa giza eskubideen kontrakoa dela badio ere, dispertsioa «erakunde terrorista preso dauden kideen gaineko kontrola izan ez dezan hil edo bizikoa tresna» dela deritzo atzo onartutako mozioak.
PPko eleduna den Ignacio Cosidó mozioaren xedea «terrorismoaren aurkako hizkuntzan kontzesiorik ez egitean» datzala adierazi zuen eta terrorismoaren aurrean «garbi eta trinko» jokatu behar dela esan zuen.