GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sendagileek historia klinikoan jasoko dituzte tratu txarren susmoak

Genero indarkeria garaiz antzemateko protokoloa aurkeztu zuen atzo Elena Salgado Osasun ministro espainolak. Tratu txarren susmorik izanez gero, historia klinikoan jaso beharko dute lehen mailako arretako sendagileek, baita ustezko biktimarekin bakarka solastatu ere.

DONOSTIA

Tratu txarrak salatu dituzten emakumeak bi aldiz joan dira, batez beste, sendagilearengana azken sei hilabeteetan, baina bakar bati ere ez diote antzeman zein infernu bizitzen ari zen. Horixe baieztatu zuen atzo Elena Salgado Osasun ministro espainolak. Zein dira bada genero indarkeria detektatzeko zailtasunak? Zergatik ez dira lehen mailako arretako medikuak egoeraz jabetzen?

Zenbait arrazoi aipatu zuen Salgadok: alde batetik, emakumeak ez du onartzen biktima denik. Anitzek ez du aukerarik ere izaten horretarako, bikotekidearekin joaten baita kontsultara. Bertzalde, profesionalak ez daki egoera zein den edo osasun sistemak zein baliabide dituen aurre egiteko eta, gainera, batzuetan gainezka egiten dio lanak.

Faktore horiei aurre egin eta genero indarkeria garaiz antzemateko, protokolo berria plazaratu zuten atzo, Gobernu espainoleko Osasun Sailak, Genero Indarkeriarako ordezkaritza bereziak, Autonomia Erkidegoek eta Emakumearen Institutuak elkarlanean egina. Mediku guztiei emakumeei laguntzeko jarraibide berak ematea da asmoa. Adibidez, susmorik izanez gero, lehenbiziko kontsultan «Zer moduz doaz gauzak etxean?» eta antzeko galderak egitea gomendatzen diete.

Atzo aurkeztutako idatzian jasotzen denez, sendagilea bakarka mintzatu behar dute ustezko biktimarekin, eta konfiantza eman behar dio bere arazoak konta diezazkion. Izan ere, Salgadok jakinarazi zuenez, Kanarietan eta Kantabrian antzeko protokoloak jarri dituzte martxan aurten eta emakume ugarik tratu txarrak sufritzen ari dela aitortu du.

Larrialdietan nola jokatu ere zehazten du dokumentuak, eta atal berezi bat dauka sexu indarkeriari eskainia. Ugaltze-aparatuaren laginak hartzeko erraten zaie bertan sendagileei, historia klinikoan jaso eta epaiketan froga moduan erabili ahal izateko. Orain, egitasmoa ongi aplikatzen den jakiteko adierazleak finkatzen ari dira.

Makina bat kontzentrazio

Bitartean, kontzentrazio ugari egiten ari dira Euskal Herrian, Flor Maria Camacho tuterarra, apirilaren 19an bikotekideak hil zuena, gogora ekarri eta tratu txarrak salatzeko. 40 lagun bildu ziren atzo Oreretan, 25 Tolosan, 45 Zarautzen, 10 Azpeitian eta 15 Tafallan. Lizarran 60 pertsona elkartu ziren ostiralean.

Flor maria gogoan

Bikotekideak hildako Flor Maria Camacho tuterarra oroitzeko eta indarkeria gaitzesteko protestak izan ziren atzo Donostian (30 lagun), Gasteizen (50) eta Bilbon (60). Iruñean ostiralean izan zen (60).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo