GARA > Idatzia > Pilota

PILOTA Buruz Buruko Txapelketaren analisia

Final-zortzirenek marra gorria non dagoen argi erakutsi dute asteburuan

Orain arte ez bezala, goi-mailako partidak ikusteko aukera izan dugu

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Final-zortzirenetan ikusi ditugun lau partidek argi erakutsi digute lehen mailako Buruz Buruko Txapelketa jokatzea merezi duten pilotarien benetako kopurua zein den eta batzuen eta besteen arteko marra gorria non dagoen. Aurtengo lehiaketan lehen aldiz, neurketa gogorrak eta parekatuak ikusteko aukera izan du pilotazaleak.

Lehen bi kanporaketetan 173 pilotakada bakarrik izan zituen partida bakoitzak batez beste. Zortzi norgehiagoka horietatik bostetan, galtzaileak hamabi tanto edo gutxiago egin zituen. Eta sakearekin egindako tanto kopurua gehiegizkoa izan zen zenbait partidatan: 17 Laskurain-Eulate artekoan edota 11 Koka-Zearra eta Barriola-Galartza VI artekoetan, esaterako.

Asteburu honetan, berriz, emaitzak askoz ere parekatuagoak izan dira: Kokak 21 egin zizkion Patxi Ruizi, Leitzak 19 Bengoetxea VI.ari eta Olaizola I.ak 15 Eugiri. Salbuespena Zarauzko partidan ikusi dugu, izan ere, Peñagarikanok ezin izan zuen ezertxo ere egin Barriolaren erakustaldian. Gainera, final-zortzirenetan pilotakaden batez besteko kopurua 284ra igo da eta sakez egindako tanto kopurua ez da zazpira iritsi.

Baina zenbaki hutsetatik haratago, jokoaren mailak egin du nabarmen gora asteburu honetako kanporaketetan. Zale asko harrituta geratu dira Juantxo Kokak ostiral goizaldean Zeanurin erakutsitako joko-maila ikusgarriarekin. Buruz Burukoan inoiz ikusi diogun neurketarik apartena. Oinatz Bengoetxeak eta Iñigo Leitzak Etxebarrin egindako indar hustualdia ere benetan nabarmentzekoa da. Patxi Eugik oso itxura ona, freskoa, eman zuen igandean. Eta Abel Barriolari buruz zaila da ezer gehiago esaten. Edozein txunditzeko mailan ari da.

Horiek denak kontuan hartuta, ondorioa oso sinplea da. Buruz Burukoan, asko jota, hamabost pilotarik eman dezakete benetako maila: final-laurdenetan diren zortzi pilotariek, final-zortzirenetan kanpoan geratu diren laurek eta gehiegi prestatu ezinik ibili diren zenbait pilotarik, Xalak adibidez. Bigarren mailako txapeldunari txoko bat eginez gero, nahikoa!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo