GARA > Idatzia > Gaurkoa

Patxi Salaberri UPVko irakaslea

UPVko irakasleoi erakutsi berri zaiguna

Asko eta sakona izan da egunotan UPVko irakasleoi Euskal Unibertsitate Sistemaren bitartez erakutsi zaiguna. Inork onartuko ez duen arren, ezaguna da azken hamabostaldi osoa eman duela UPVko ia irakasle orok «gehigarrizko ordainsari-osagarri» izenekoak eskuratu ahal izateko eskabideak betetzen. Exageratu gabe. Batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago, hamabostaldi neurotikoa eman dugu gehienok karpeta zaharren pipiak eta hautsak astintzen, fotokopiak prestatzen eta lan burokratiko hutsa zirudiena egiten. Eta dena izan da, soldata-igoera lineal-unibertsal-automatiko huts izan behar zuketen «osagarriok» poltsikoratzeko ezinbestekotzat jarri zaigun curriculum vitae normalizatua (horrela deitzen baitzaio hutsunez josirik utzi behar izaten den curriculum- ereduari) osorik eta gure aldeko bilakatuz bete nahi izan dugulako guztiok. Zeren «osagarriak» eskuratzeko esleituko uste zaigun puntuazioa ere curriculum horren arabera moldatuko baita; eta irakasleoi nekeza bezain latza egiten zaigu hasiera-hasierako ataletatik hasita, orrialdeak pasatu ahala, txatal bat bai eta bestea ere bai hutsik edo erdi hutsik uztea, are gehiago lanean hogeitaka urte badaramatzagu. Ustekabean, osagarrien usainak lausoturik, geratzen zaigun ohore apurñoa izan da zalantzan ikusi duguna, eskabidea betetzeak derrigorrezko erresignazioa eta umiltasun-aitorpen umiliagarria ekarri beharko balitu bezala.

Nonbait, UPV guk geuk geure burua prestatu heinean eta bitartean sortu dugun unibertsitatea dela ahazturik, irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako ehundaka urtetako Europako unibertsitateen tradizio, esperientzia, egitura eta bitarteko ezin sendoagoak eskaini izan balizkigu bezala bete behar izan dugu curriculuma. Objektibotasun nahi berberarekin. Seriotasun berberarekin. Hoztasun berberarekin.

Ondorioz, hor geratu zaizkigu askori hutsik atzerriko egonaldiei buruzko atalak, klaseak ofizialak ez diren bi hizkuntza baino gehiagotan irakastearenak, ezarri berri edo diren kalitate-graduondokoetan parte hartu ez izanarenak, nola egiaztatzen diren ere ez dakigun berrikuntza pedagogikorako ahalmenei buruzkoak, duela hogeita bost urteko ikerkuntza-proiektuek egungo 12.000 euroren gutxieneko finantziazio-kopurua izan behar zutela exijitzen dutenak, etab.

Umiltasun-sendaketaz, beraz, lehen lezioa.

Baina ordainsari-osagarri oinarrizkoena besterik emango ez balitzaigu ere, egia da askoz gauza gehiago erakutsi zaigula. Izan ere, garbi baino garbiago barneratu dugu guztiok Euskal Unibersitate Sistemak aurrerantzean (eta Europako konbergentziari begira) eskatu eta baloratuko diguna. Curriculumeko atal guztiak zenbatean baloratzen diren erakustearekin batera, UPVn garbi barnerarazi zaigu nolako unibertsitatea nahi den hurrengo urteetarako.

Curriculum normalizatuaren lehen ataletik bertatik hasita, denok ikasi dugu, esate baterako, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko eta berritzeko lehendabiziko jarduera «nazioarteko truke-programetan parte-hartzea» izango dela lehen irakaskuntza-merezimendua, eta, bigarrena, atzerriko ikastegietako egonaldiak. Izatez, 35 punturekin sarituko da hori guztia, alegia, lau urtez UPVko errektorea izatea baino gehiago (20 puntu). Inor ohartu ez bada, irakasle eta irakaslegaien mugikortasunaz ari zaizkigu, jakina.

Berdin esan liteke teknologia berrien erabileraz. Hemendik aurrera, denok jakingo dugu bost urtez (hori da irakasleon ebaluazio mota horren epea) UPVko campus birtualean parte hartzea eta irakaskuntzan webguneak-eta erabiltzea beste 35 punturekin balora dakigukeela.

Eta ez da kudeaketa-karguak izateko bokazio gehiegirik dugulako edota lan mota hori behar baino gehiago ederresten dugulako, baina edozein fakultateko dekano izatea, beste 20 punturekin baloratua dagoena, ere lasai asko geratuko da gainditurik tesiak zuzentzearekin (30 puntu), are gaindituago tesiak europarrak balira (beste 28 puntu) edota karrera-amaierako proiektuak zuzentzea erantsiko balitzaio (beste 12 puntu). Eta ez ditugu hona ekarri irakasle berriaren soslaia osatuko luketen ezaugarri nabarmenenak baizik.

Ikerkuntzari gagozkiola, argi ikasi dugu teknologia arlokoa (patenteak, batez ere «emankorrak») eta enpresekiko «harremanak» eta, oro har, ekonomia finantzazioa UPVratu dezakeen ekimen oro baloratuko zaigula. Jakina, ondoko galdera ez da bakarrik non geratuko ote garen letretako gizagaixook, normalean enpresa bat zer den ere ez baitakigu; galdera benetan latza UPVn sustatuko den ikerkuntzaren norabideaz diharduena da.

Ikerkuntzaren zabalkundeari eta argitalpenei dagokionez, esana legoke guztia: nazioartean goretsiak diren argitalpenetara jotzen ikasi behar du UPVtarrak. Eta bestela, bada, mistela.

Eta oraingo Ebaluazio-Protokoloan «Euskadiko Komunitate Autonomo» delako honetan defizitario baina «interes bereziko» izan daitezkeen arloak lantzeari eta ikertzeari (non ote UPVk bere euskarazko izenean daraman «Euskal Herri» kontzeptuaren aplikazioa?) arreta gehiago aitortzen zaiela egia bada ere, egia da halaber ez dela ezer esaten nazioartea nekez ezagutu dezaketen hizkuntza indigenan idatzitako argitalpenez. Nonbait ahantzi egin zaio protokologileari UPVk ezinbesteko dituela euskarazko argitalpenak geureak edo diren irakaskuntza eta ikerkuntza sustatu eta garatu ahal izateko. Halere, ez da hori hain zuzen Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia delakoak oraingoan erakutsi diguna.

Geroak esan beza. Gero hurbilak, edonola ere. Gu, behintzat, garbi asko jabetu gara hurrengo urteetarako unibertsitatea moldatuko digutenen mezuaz. Ikastaro berezirik gabe. Egia esan, ez da dirua bezalako irakaslerik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo