Euskal Curriculumaren erronkek «aurrerapausoa» dakartela nabarmendu dute
Iruñean atzo hasi ziren Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak «elkarrekin bizitzen eta komunikatzen ikasten» izenburuarekin antolatutako jardunaldi pedagogikoak. Euskal Curriculumaz aritu zen Xabier Garagorri eta Kataluniako esperientzia berri batez David Duran.
Iker IRIARTE |
Berrehun bat lagun, ikastoletako irakasleak gehien bat, bildu ziren atzo goizean Iruñeko Baluarten Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatu jardunaldi pedagogikoetan parte hartzeko. Aurtengoa hamalaugarren edizioa dute jardunaldi horiek eta bihar arte iraunggo dituzte eta orotara hirurehun bat lagunek parte hartuko dutela aurreikusten dute. Edizioa honetan, gainera, lehen aldiz dihardute Lehen Hezkuntzaz.
Hori hiru egunetan lantzeko zabalegia izaki, ordea, bi helburutara mugatu dira: «elkarrekin bizitzen eta komunikatzen ikasten», hain zuzen.
Konpetentziak
Ikastolen Konfederazioko zuzendari Iñaki Etxezarretak, lehendakari Koldo Tellituk, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Juanjo Rosek eta Lakuako Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek gidatutako irekieraren ostean, Konfederazioko pedagogia-aholkulari Xabier Garragorrik eman zuen lehen hitzaldia.
Horrek Euskal Curriculum proiektuaren gainean jardun zuen, estatu espainol eta frantsesetan indarrean diren LOE eta Socle Commun-ekin, hurrenez hurren, alderatu zituen.
Garagorrik sistema horiek konpetentzietan oinarritzen direla azaldu zuen, «testuinguru jakin batean ondo jarduteko gaitasunetan». Europako Batzordeak onartutako ebazpen baten ondorioz, Europar Batasuneko kide guztien hezkuntza sistemek oinarri bera izango dute. Garagorrik nabarmendu zuenez, gainera, horrek Euskal Herri osorako curriculum bateratu bat egiteko «abagunea» eskaintzen du eta hori aprobetxatu beharra daukagu.
Oinarri bera izan arren, ordea, Euskal Curriculumaren proiektuak estatu frantses eta espainolean indarrean dauden sistemekin aldea baduela azaldu zuen, nahiz hirurak «erabat uztargarriak» direla adierazi. Izan ere, Europako Batzordeak «Oinarrizko Konpetentziak» zehaztu arren, Euskal Curriculumak «Hezkuntza Konpetentzia Orokorrak» hartzen ditu oinarri, Europatik ezarritakoaren egokitzapena, bere hitzetan.
Horrek «aurrerapauso» garrantzitsua ekartzen duela nabarmendu zuen pedagogoak, eta arrisku batzuk badituela onartu zuen arren, aukera ugari eskaintzen duela ere baieztatu zuen: Lehen Hezkuntzako etaparen zentzuaz eta irakaslearen lanaren zentzuaz sakontzeko, curriculuma eta ebaluazioa ikusteko eta ulertzeko eraz sakontzeko, irakasleen rolez eta irakasteko metodologiaz sakontzeko, ikastolaren barneko antolaketaz eta kudeaketaz sakontzeko eta Euskal Herriko lu- rraldeen artean Euskal Curriculuma adosteko aukera besteren artean.
Atzoko bigarren hitzaldia, makina bat jende gutxienez harrituta utzi zuena, David Duranena izan zen. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle horrek Katalunian egiten ari diren esperientzia pilotu baten gainean aritu zen. Horretan, ikasleen arteko elkarrekintzak onura handiak izan ditzakeela frogatu nahi dute eta horretarako, ikasleak binaka jarri dituzte -ikasle on bat hain ona ez den beste batekin- eta batak bestearen tutore edo laguntzaile papera betetzen du. Gainera, ikasle arteko esperientzia hori senitartekoetara ere zabaldu dute, eta lehen emaitzak biltzen ari direla-eta, «positiboak» izaten ari direla nabarmendu zuen Duranek.
Lakuako Hezkuntza sailburu Tontxu Campos egon zen atzo irekiera egiten Iruñean, eta horrek hurrengoan Nafarroako Gobernuko eta Ipar Euskal Herriko erakundeetako ordezkariak ere bertan izatea nahiko zukeela adierazi zuen.