GARA > Idatzia > Musika

«Gernika, hazia, mundu osorako argia" erakusketa ikusgai Baionan

Baionako Euskal Museoak Bizkaiako hiriburuko Euskal Museoarekin elkarlanean «Gernika, hazia, mundu osorako argia" erakusketa antolatu du. Uztailaren 1era bitarte izanen da Lapurdiko hiriburuan. Lehen aldiz historian Pablo Picassoren «Guernica" lanean oinarrituta Dürrbach tailerrean egin tapiz erraldoietako bat ikus daiteke Euskal Herrian.

Idoia ERASO | BAIONA

Gernikako bonbardeaketa iragan zenetik 70 urte, egunez-egun, iragan direnean, euskal gizarteak eta bereziki Bizkaiako hiri txiki horrek sufritu zuenak mundu mailan izan zuen oihartzunaren hainbat erakusle ikus daitezke «Gernika, hazia, mundu osorako argia» erakusketan. Aldi berean euskal historiaren eta tradizioen ezagutzari ere ate bat irekitzen die Euskal Herriko bi Euskal Museoek elkarrekin antolatu ekimenak.

Gernikako bonbardeaketa euskaldunon historia izatetik mundu osoan sinbolo izatera nola iragan den argitzen da erakusketaren, hiru ataletan. Gernika gogoratuz elkartearen laguntzarekin Francis Blaise argazkialariak egin hiriaren gaur egungo errealitatearen irudi batzuekin sartzen da bisitaria erakusketaren errealitatean.

XVIII. mendeko Arbola

Berde kolorea inguru duen ibilbidearen lehen zatiak Ikurriñaren sinbologian bezala Foruak eta lege zaharrak ditu hizpide. 1528an inprimitu zen Bizkaiako Foruen lehen edizioa ikus daiteke beste hainbat dokumenturen artean. Euskal kulturaren oinarri den zuhaitzaren mitoa ere lantzen da lehen zati berde honetan. XVIII. mendeko Gernikako Arbolaren enborrak bere presentzia ezartzen du Euskal Museoaren pareten artean. 1742an landatua izan zen eta 1892an hil zen zuhaitz honek erakusketan sinbolismoak duen garrantzia ekartzen du gogora.

Gernikako Arbolak euskal senan eta kulturan duen garrantziaren hainbat erakusle ikusgai dira eraskusketan. Iparragirrek zuhaitzari eskeini kantuaren hitzak irakur daitezke kantariaren kitarraren eta irudiaren ondoan. Bestalde Arbolak sinbolikoki izan dituen interpretazio ezberdinak ikus daitezke. Gudarien dominak euskaldunon ikuspegia adierazten duen bitartean Madrilgo errepublikarrek arkaismoarekin lotzen zuten beste irudikapenak ere badira.

Atzealde urdin iluna duen bigarren parteak Gerrate Zibila du hizpide, hiri bizkaitarraren bonbardeaketaren testuingurua ematen du ezagutzera. Errepublikarren eta Francoren aldekoen dokumentuak eta agerkariak dira aurkeztuak. Eusko Jaurlaritzaren eta Estatutuaren sorrera ere irudikatzen da. Estatutuaren alde bozkatzeko eskatzen duen afitxa batek «No seas suicida ¡Vota el Estatuto!» esaten du, beste garai bateko publizitatearen erakusgarri. Eusko Jaurlaritzaren sorrera eta atzerrian egin lanaren hainbat dokumentu ere badira.

Sabino Arana Goiri eta bere anaia Luisek 1894ean egin Ikurriñaren lehen zirriborroa ere ikus daiteke atal honetan. Hasieran Bizkaia burujabearen bandera izateko egina izan zen, baina 1936ean Euzkadiko badera ofiziala bilakatu zen.

Bonbardeaketari bereziki eskeinitako atala Roberts kapitain ingelesak Gernika bonbengatik suntsitua izan eta egun gutxitara egin argazkiekin hasten da. Bonbardeaketaren ondoren izan zen nazioarteko eztabaida argiki erakutsia agertzen da, The Times, Le Figaro, El Pais... bezalako egunkarietan agertu artikuluen bitartez. Aldi berean Steer kazetari ingelesak idatzi «Gernikako Arbola» libururaren gaztelerazko itzulpen klandestinoaren lehen edizioaren ale bat ere bada.

Ibilbidearen azken atal gorrian bonbardeaketaren ondorioz sortu haserrea, sua, amorrazioa... erakusten dira. Artista ezberdinen arte lanak dira agerian jarriak eta bereziki Gernika mundu mailako sinbolo bihurtu zuen Picassoren lanaren egintza prozezua erakusten da Dora Maarrek egin argazkien bitartez.

Dürrbach tailerreko tapiza

Pablo Picassoren «Guernica» lan originala ez da Bilboko Guggenheimera etorriko bonbardeaketaren hirurogeita hamargarren urteurrena ospatzeko, baina horren ordez Malagako artistaren lan ezagunean oinarritu egin tapizetako bat Euskal Herrian da jadaneko. Hiru dira Dürrbach senar-emazteek, Picassoren eskaerari jarraiki, «Guernica» lanean oinarrituta egin zituzten tapizak.

Horietako bat New Yorken dago Nazio Batuen Erakundearen egoitzan. Bigarren tapiza Alsazian dagoen Colmarreko Unterlinden museoa du ohiko egoitza, baina Gernikako bonbardeaketaren urteurren honetarako Euskal Herrira bidaia egin du, lehenik Baionara, eta ondoren Bilbora. Hirugarren eta azkena Japonian dago, Hirsoshima eta Nagashakiren bonbardeaketarekin herri japoniarrak gerlaren sufrimenduren ondorioak pairatu eta, Gunmako Arte Modernoen Museoan dago.

Margo originalak baino zentimetro gutxi batzuk txikiagoa den tapizak egiteko Picassok egin zuen kartoizko oinarriaren parte bat ere ikus daiteke tapizaren gela berean, Gernikako gertakaria oinarri harturik hainbat musikarik egin doinuak entzuten diren bitartean.

«GUERNICA"

Picassoren «Guernica» lan originala ez da Bilboko Guggenheimera etorriko bonbardeaketaren 70. urteurrena ospatzeko, baina horren ordez, lan ezagunean oinarritu egin hiru tapizetako bat Euskal Herrian da jadaneko.

Fitxa

Tokia: Baionako Euskal Museoko 2. estaian.

Data: Ekainaren 1erarte, ondoren Bilboko museoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo