GARA > Idatzia > Musika

Rocka irakaskuntzararen aldarrikapena

Rocka jarrera da eta ez adin kontua; hots, ez da, soilik, gaztaroko musika. Rock musikari ez diot inolako instituzionalizaziorik aldarrikatuko, baina uste dut rock musikaren historia ezagutzeak, rock teoria ikasteak eta rocka praktikatzeak onurak baino ez lizkiokela ekarriko jende askori

Begirada sakonik gabe, ikasliburuak aztertuta hau izan daiteke berehalako ondorioetako bat: rock hitza ez da agertzen Euskal Herriko ez eskola, ez ikastola ezta unibertsitateko ikasliburuetan ere. Tira, oso presentzia txikia du. Halakorik adierazteko, konparazioetara jo behar izaten da rockari itxurazko tratamendua ematea zer den esateko. Musika ikasgaia lantzen denean, musika klasikoaz hitz egiten da, oro har. Musika klasikoaren hiru adarrak ikasi behar izaten dira: historia, teoria eta praktika. Rockak ere baditu bere historia, teoria eta praktika, nahiz eta musika garaikidea den. XX. mendeko 50eko hamarkadan hasi zen erabiltzen eta jotzen. Geroztik izan dituen garapena eta hedapena bikainak izan dira. Txoko (batzuentzat unibertso) guztietara zabaldu da eta adin, gizarte eta giza maila oro harrapatu ditu bere indarrak. Rocka, dena den, jarrera da, eta ez adin kontua; hots, ez da, soilik, gaztaroko musika. Rock musikari ez diot inolako instituzionalizaziorik aldarrikatuko, baina uste dut bere historia ezagutzeak, teoria ikasteak eta praktikatzeak, onurak baino ez lizkiokela ekarriko jende askori.

Rockaren irakaskuntza «normalizatuko» balitz bide berri anitz irekiko litzaizkioke gazte-gaztetatik haurrari. Esaterako, rock musika asko erabiltzen da AEKn euskara irakasteko; hizkuntzak irakasteko oso baliagarria izan da. Irakaskuntza arruntean, ordea, hitza eta musika aztertzen dira, baina nik beste estatus bat exijitzen diot. Ez dadila musikari buruzko hitzaldi eta mahainguruetara bakarrik mugatu. Hasi dira, Gasteizen adibidez, rockaren historia ikastaroak ematen. Baina maila bat gorago doa nire eskakizuna: eta zergatik ez hasi ikasgai arrunt bezala lantzen AEBetako zenbait unibertsitatetan egiten den bezala? Han oso tratamendu akademikoa du eta horra iristen da nire nahia, hemen ere, gure Euskal Herrian, halako zerbait egon dadila. AEBek urtetako aldea ateratzen digute, baina hasteko garaiz gabiltza. Rockaren inguruko hainbat liburu argitaratu dira Euskal Herrian, baina bere irakaskuntza normalizatuko bada, azterketa gehiago egin beharko lirateke, horrek ekarriko bailuke sakontze handiago bat. Horrek ondorioak izango lituzke: Euskal Herrian egin den rock musikaren ezagutza askoz sakonagoa izango litzateke eta gaur egun erdi ahazturik ditugun gertakari ugari idatzirik izango genituzke. Baina, hori guztia ez dadila unibertsitateko tesietarako material huts gisa geratu. Beraz, rocka irakaskuntzara.

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo