GARA > Idatzia > Musika

Mendebala jaialdiak folk doinu berriak dakartza oholtzara

Tafallako Mielotxin, Zegamako Zure eta Balmasedako Apurka folk taldeak Mendebala lehiaketako III. maketa txapelketan lehiatuko dira gaur Kafe Antzokian, Mendebala jaialdiaren eskutik disko bat grabatzeko aukeraren truke. Hemen da gure folkaren etorkizuna.

A. BILBAO | BILBO

XXI. mendean musika sustraiduna aldarrikatzen duen elkartea dugu Mendebala, uda partean Enkarterriko Sopuerta herrian jaialdia antolatu ohi duena -iaz, besteak beste, Carlos Nuñez galiziarra edo Zura gipuzkoarrak jo zuten bertan-.

«Mundu zabalean gure komunitatearen eta gure izate kulturalaren nortasun berezitasunak diren aldetik» sustatzen omen du folk musika Mendebalak, «kultura aniztasuna erakusten duelako, eta pentsamendu bakarraren globalizazio kolonizatzailetik» babestu beharra agertu. Alta, ez da hori jaialdiak eskaintzen duen bakarra eta, aurten hirugarrenez, maketa lehiaketa antolatu dute, «Euskal Herriko bestelako musikak helburu» goiburupean. Musikaren eremua berpiztu eta talde berriak ezagutarazi nahian abian jarritako lehiaketara hamar talde berri aurkeztu dira aurten, azkenean horietako hiru lehiaketatik kanpo gelditu badira ere.

Parte hartzeko arauei zegokienez, honakoak: herri musika, mestizajea, munduko musika, tradizionala, musika berriak edo folk deituriko talde zabalean kokatzea, euskal herritarrak izatea eta argitaratutako lanik ez edukitzea -autoekoizpenean ez bada, bederen-. Zuzenean gutxienez ordubete inguru jotzeko ahalmena ere beharko dute eta, irabaziz gero, baita diskoa grabatzeko asmoa ere. Eskaintzari dagokionez, disko bat grabatzeko aukera da sari nagusia. Grabatzekoa, argitaratzekoa -asko jota 2007ko azaroaren 15erako- eta banatzekoa. Lana Mendebala Diskak disko etxeak aterako luke, lehenengo bi urteetan Dronadar eta Ghatusain txapeldunekin egin izan duten bezala.

Diskoa grabatzeaz gainera, Sopuertan uztailaren 6an, ostirala, ospatzekoa den jaialdia zabalduko du irabazleak.

Finalean parte hartuko duten hiru taldeez landa Compas de Mas, Flipin Folk, Nahasiak eta Nemon izan dira lehian, zazpi talde orotara.

Lehiaketaren finala

Lehiaketaren finala hiru taldek jokatuko dute. Bizkaitarra da bata, Apurka. Gipuzkoarra, Zure, bigarrena eta nafarra, Mielotxin, hirugarrena. Balmaseda eta Zalla inguruko dozena erdi gaztek osatuta dago Apurka taldea. Izenari kasu eginez, antzerki baterako elkartu eta apurka-apurka musika tresnak gehituz joan ziren duela urte erdi egungo taldea sortu zuten arte. Euskara dute kantuan eta aldarrikapen eta gizarte kritika gaietan. Elena flauta-jotzailea, Ruben eta Alberto txalapartariak, Joseba gitarra-jotzailea, Josu baxu-jotzailea eta Maria abeslari eta gitarra-jotzailea dira taldeko kideak.

Berri samarra da Zure taldea ere, eskarmentu handiko musikariak bildu dituen arren, besteak beste Kepa Junkerarekin edo Arakajunen jotakoak. Zegamarrek euskal musika tresna tradizionalak erabiltzen dituzte emanaldietan -ETXAK egitasmoko partaide eta Musikeneko ikasle ere izan dira gehienak- eta, batez ere, Euskal Herrian eta Katalunia aldean jo dute zuzenean. Jon Tuti baxuan, Mikel Romero gitarra eta mandolinan, Mikel Albisu alboka, txalaparta eta perkusioan, Unai txalaparta eta perkusioan eta Xabier trikitixa, txalaparta eta perkusioan dira Zure, alboka eta txistua jotzen duen Ionen laguntzarekin.

Mielotxin Tafallatik dator eta folk fusion deitzen dio 2004tik jorratzen duen musikari. Seikoteak makina bat lehiaketetan hartu du parte hiru urte eta erdi hauetan eta baita sariak lortu ere. 2005ean euskara, gaztelera eta frantsesa erabiltzen duen taldeak «Empápate» izeneko debuta plazaratu zuen. Ermuko Folkez Blai txapelketaren lehenengo edizioa irabazi zuten eta, besteak beste, Portugalen ere aritu izan dira. Ismaelen txistua, Fernandoren gitarra, Iñakiren perkusioa, Monikaren biolina, Iñigoren soinua eta Juan Luisen baxua entzun daitezke taldean.

Ondoren, hiruretatik baten lana plazaratu eta aurkeztuko du Mendebalak uda partean ospatzekoa den jaialdi dotorean, eta nazioarteko folk talde garrantzitsuekin batera kontzertua eskaintzeko aukera emango dio.

III. LEHIAKETA

Hirugarren urtea da Mendebala jaialdiak maketa lehiaketa antolatu duela. Aurten hamar talde aurkeztu badira ere, zazpiren artekoa izan da lehia, hiru ez baitziren jaialdira egokitzen musikari dagokionez.

Fitxa

Data: Gaur.

Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).

Ordua: 22.00etan.

Sarrera: Doan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo