GARA > Idatzia > Musika

Jazz saio ederra

Pakistango etorkinen seme, baina Ingalaterran jaioa, Nitin Sawhney-k txikitatik ezagutu zuen arrazakeriaren ankerkeria. Zapalkuntzatik adierazmena jaiotzen dela esan ohi du eta bere bizitza da horren adibide garbia. Bost urte zituela hasi zen pianoa jotzen eta ondoren gitarra flamenkoa ikasi zuen. Egun, instrumentu asko menperatzen ditu. Mendebaldeko eta ekialdeko musika klasiko ikasketak egin zituen (zuzenbide ikasketekin batera) eta, oso gaztetatik, jazzaren eta musika indiarraren arteko maitasun harremana landu du. 80ko hamarkadan James Taylor-en taldean aritu zen, Jazztones izeneko taldea sortu zuen ondoren eta, Talvin Singh-ekin batera, Tihai Trio jazz-indiar taldean aritu zen. Outcast disko etxearekin sinatu eta gero hasi zen diskoak bakarlari moduan kaleratzen; «Migration» izenekoa izan zen lehenengoa, 1995ean, eta ondoren estudioko beste sei disko kaleratu ditu -horien artean «Beyond Skin» (1999) eta «Prophesy» (2001), ezinbestekoak-. Musikaria izateaz gainera, ekoizlea eta disko jartzailea da.

Kaleratu berri duen disko hau sesio modura antolatua dago eta bere kantu propioekin batera gustukoak dituen hainbat kantu nahastu ditu (Massive attack, D'Angelo, Nusrat Fateh Ali Khan, Ojos de Brujo, Nuyorican Soul, etab.). Nitin Sawhney estiloen mugak gainditzen dituen musikaria da eta, musika mailan iraultzarik ez dakarren arren, musika ederra eta sentibera bilatzen duen orok kontutan hartu beharko luke. Ezinbestekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo