GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Bai lako

Bai lako, edo «zergatik bai» ere esan genezake, Izagirrek zioen bezala aspaldiko liburu hartan, ume sasieuskaldun eta ikastolakumearen hizkera imitatuz. Haatik, alegia, porque sí, parce qu'oui.

Bai, bai proiektu berriak eraikitzeari, inori (hau da inori, estatua izan, agintea izan, nagusia izan, bikotea izan) baimenik eskatu gabe nork bere kabuz pentsatu ahal izateko. Bai eta bai, elkar-ulertzeari, baikorra izateari ebidentzia guztien aurka eta estatistikek kontrakoa esan arren. Zergatik, eta haatik, bizirauteko modu bakarra delako, ezezko bakoitzak zulora gehiago hurbiltzen gaituelako.

Bai, baiki, baiezko, baietz ba. Baiezka jarduteko kultura eraiki beharko da noizbait. Bai behin eta berriz ekiteari, burugogorra izateari, «amore eman» eta «muzin egin» hitzak beraren hiztegitik ezabatu dituenari. Bai, «beti» hitza nahiago dutenei eta «sekula ere ez» alboratzea erabaki dutenei.

Baietza hamar minutu bakarrik eman diotenak depresioari, logikari aurre eginez oraindik ere alde positiboa bilatzeko prest dauden inozoei.

Ados egon, bat etorri, batu, bildu, batzartu, erasorik badago ere ez kokildu, elkar ulertzerik ez dagoela diotenei jaramonik ez egin eta bat egin errenditzeko asmorik ez dutenekin. «Inposible» eta «ezta hurrik eman ere» hitzen esanahia ezagutzen ez dutenekin lotu, nahastu, kidetu, barre egin.

Ezetzaren kultura erosoa da. Ez du ezer eskatzen norberarengandik. Ez dakar konpromisorik, ez du huts egiten, deus egiten ez duelako, ez huts ez beste ezer, ezta fitsik ere. Ezetzaren politika injustua da, hasi aurretik ezartzen duelako amaiera. Akabo da abiatu orduko. Deus denak berdintzen ditu bere ezezkoan.

Baietza ausarta da, ausartegia agian, izukaitza, bihoztuna. Badu irabazterik, galtzea ere baduelako. Ezetzean eroso jezarrita bizi direnak ezagutzen ditut, eta baietzaren eremu labankorrean bizi direnak ere bai. Bizi-minutu berdinak bizi izanik ere, baietzarenak urte gehiago bizi ditu ezetzean bizi dituenak baino, nabarmen. Zauri gehiago ere bereganatuko du, baliteke, baina orbanak arinago osatuko ditu, baikortasunak osasuna baitakar, eta tristurak eria.

Baikorrak baietzan oinarritzen du bere indarra. Ezkorrak kartzela bihurtzen du beraren defentsarako eraiki duen gotorlekua. Salbo zegoela uste izan, eta beraren kartzelero propioa bilakatu du bere burua ezetza ematean, kanporako bidea itxi duen unean, aterik zabaldu nahi ez izatean. Munduaren muga beraren mugaren lekuan kokatzen du ezezkoa eman bakoitzean.

Bai eta bai. Zergatik? Haatik, ez dago beste arrazoirik, bai lako, zergatik bai. Argumenturik ez badago ere, lege guztiek kontrakoa esan arren, epaile, mahaiburu edo zaindariek permititzen ez dutenean ere. Mendetako matxismoa inposatu nahi izan arren. Bai. Nor bere buruaren jabe izateari bai, berezko erabakia hartzeari bai, norberaren gorputza norberarena dela esateari bai. Bai begiruneari, eskubide sinpleenei, buruaskiaren duintasunari. Bai lako. Haatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo