GARA > Idatzia > Gaurkoa

Alejo A. Aristiegieta

Steer, September, elkartasuna gogoan!

The Times» eta «The New York Times» egunkariek, 1937ko apirilaren 28an, Gernikaren bonbardaketari buruzko kronika jaso zuten. Kronika horren egilea George Lowther Steer kazetari hegoafrikarra zen. Steer, guda berriemaile Bilbon izanik, apirilaren 26ko ilunabarrean heldu zen Gernikara. Southworth historiagileak adieraziko zuenez, kronika hori, ziurrenik, 1936ko gerrateko garrantzitsuena izan zen. Kronika horren bidez Steerrek, eta Euskal Herriaren lagunak, Gernikan egiazki gertaturikoa munduratuko zuen. Steerrek, lehen unetik, argi eta garbi azalduko zuen zein izan zen sarraskiaren egilea eta nor ere helburua: herritar soilak, herri xehea, herri osoa.

Bere kronika 1937an oso garrantzitsua izan zen munduan zehar Franco eta matxinotuak zabaltzen hasiko diren gezurrari aurre egiteko, hau da, Gernika «gorriek» erre zutela. Baita errepublikaren eta Euskal Herriaren aldeko elkartasuna zabaltzeko ere. Kronikari erantzunez, naziek, «The Times»eko korrespontsala Berlinetik kanporatuko zuten. Halere, «The Times»eko zuzendariak, presio guztiak hor izanik ere, berri horren oinarrizko egiazkotasuna ez zela inoiz zalantzan jarri adieraziko zuen.

Steer halere, berriemaile aparta eta gerra modernoaren igorle nabaria izateaz gain, Euskal Herriaren lagun fina izango zen. Bertan mantenduko zen frankisten ofentsiba garaian, Bilbo erortzean, bai eta euskal gudaroste eta gobernuak Santanderrerantz alde egiterakoan ere. Garai horretan Leah Maning diputatu laborista britainarari lagunduko zion lau mila haur euskaldunen ebakuazioa antolatzen. Behin Euskal Herritik alde egin ondoren, «Gernikako Arbola» liburua idatziko zuen, Euskal Herriko borrokaren adierazle aparta. Paul Preston historialariak adieraziko duenez: «El libro es uno de los tributos más auténticos y conmovedores al pueblo vasco, a su sufrimiento y valor en la lucha contra Franco y sus aliados fascistas y nazis. Sus palabras captan la tragedia y la dignidad de todo un pueblo». «Finean euskaldunak herri txikia dira, ez zuten arma askorik, ezta hegazkinik ere; ez zuten kanpoko laguntzarik eta arras oinarrizkoak, inuxenteak eta gerraren artean ezjakinak ziren» esango zuen Steerrek.

George Steerrek Euskal Herriaren borroka bai eta faxisten garaipena ikusi zuen ere. Gerrate horren ondoren, Finlandiara joango zen «Neguko Gerra» izenarekin ezagutuko zen kronika egitera, lehenago Abisinian kolonialismo italiarraren sarraskien berriemaile izan zen ere bai. Azkenik, nazismoa eta faxismoaren aurka Munduko Bigarren gerratean parte hartuko du, Armada britaniarreko kide bezala. Myamarren hilko zen 1944an. «Gernikako Arbola» liburuaren amaieran, euskal erresistentziaren suntsiketa eta frankisten garaipena kronikatu ostean zera esango zuen: «Zapalketa hori betikoa ez delako esperantza dut eta historiak arrazoia emango dit. Mendeetako gudek, bost ozeano zakarren barrenako abenturek, euskalduna, mugagabeko erresistentzia erreserben bai eta isiltasunaren jabe egin dute ere. Bere bizkarrak aske dira ezein errejimenpean ere».

Berrogeita hamar urte beranduago Gernikako herriak beste hegoafrikar baten bisita izango du. Emakume borrokalari batena: Dulcie September. 1987an Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenaren karira Burujabetza eta bakearen aldeko Nazioarteko Batzarra ospatu zen. Batzar horretan munduko hainbat askapen mugimenduk eta pakearen aldeko erakundek hartu zuten parte, hala nola: ANC, Sinn Fein, PKK, Polisario, FMLN, EPR, Kanakiar abertzaleak, Armenioak... Eta joandakoek, besteren artean, Hegoafrika, Palestina, Namibia,El Salvador, Kanak herria edota Euskal Herriko eta Irlandako borrokaren aldeko erresoluzioak onartu zituzten.

Erresoluzio horien onarpen unean, Dulcie Septemberrek hitza hartu eta ANCk zuen pakearen alde borrokan jarraitzeko borondatea azaldu zuen, «zeina ezingo dugun apartheidak iraun artean izan, preso politikoak giltzapean diren artean, eta arrazistek lurraldea militarki okupatzen duen artean. Indar militarrek ez gaituzte geldituko, gure askatasuna gertu da».

Gernikako Pakea eta Subirautzaren aldeko Batzarrak onarturiko azken adierazpenean, bertan izandakoek, autodeterminazio eskubidea nabarmendu zuten: «Que la paz que deseamos para el mundo debe estar sólidamente asentada en el respeto a la soberanía de todos los pueblos. Es impensable una Paz que no tenga en cuenta la declaración 1514 aprobada en 1960 por la XV Asamblea General de Naciones Unidas (autodeterminazioari buruzkoa). Mientras subsistan en el mundo violaciones a esta declaración y atentados al derecho a la libre determinación subsistirán focos de conflicto e inestabilidad que impidan consolidar la Paz. Es por ello que los pueblos y las fuerzas que trabajan por aplicar esta declaración están haciendo un aporte significativo a la Paz».

1987 urtea zen eta Dulcie Septemberrek arrazoi zuen. 1990eko otsailaren 2an Frederik de Klerk-ek, Hegoafrikako lehendakariak, ANCren ilegalizazioarekin amaitu zuen eta bederatzi egun beranduago Nelson Mandela aske utzi. Hego Afrikako askapen mugimendua lau urte luze iraun zuen prozesu negoziatzaile batean sartu zen eta 1994ko apirilean amaitu.

Frantzia, Suitza eta Luxenburgorako ANCko ordezkari 52 urteko emakumea, Parisera itzuli zen apartheidaren aurka borrokan segitzera. Baina urtebete beranduago, 1988ko martxoaren 29an, tiroz eraila izango zen Parisko karriketan.

Dulcie 1983an heldu zen Parisera eta bertan, ANCko ordezkari bezala, apartheidaren aurkako mugimendua indartzeari ekin zion, Europa osoan ahulean zena, penintsularekin batera. Dulcieren erailketa ez da inoiz argitu, baina Egia eta Berradiskidetzeari Buruzko Batzordearen ikerketak euskaldunontzat ezagunak diren hainbat jenderen izenak eman zituen aditzera.

Bere lagun batzuk esango dutenez, Egia eta Berradiskidetzeari buruzko Batzordean eginiko adierazpenetan, Dulciek azken denboran jarraipenak somatzen zituen eta egoera horren berri Gobernu frantsesari eman zion, bai eta babesa eskatu ere. Frantziako Barne ministro, Charles Pasqua zen, eta horrek ukatu egin zion halakorik. Beste batzuek diotenez, gainera, suitzako zerbitzu sekretuek Frantziako Gobernua arriskuaz ohartarazi zuten.

Egia eta Berradiskidetzeari Buruzko Batzordeak eginiko txosten horretan erailketarekin zerikusia izan zezakeen hainbat jenderen izenak eta informazioa azaltzen zen. Horrela, hiltzaileen artean, Mario Ricci faxista aipatzen du. Mario Ricci italiarra 80. hamarkadan ezaguna izan zen Scheichelles uhartean talde mertzenario bat zuzentzeagatik. Beranduago, Hegoafrikan, arma eta segurtasun enpresa bat antolatu zuen. Halere, Mario Ricci, euskaldunontzat ezaguna zen lehenagotik ere bai. Hainbat ikerketak Mario Ricci lehenaldikotz 1976ko Montejurrako gertaeretan kokatu zuten; bertako sarraskian parte hartu zuten nazioarteko faxisten taldeko kide gisa.

Bere izena berriki agertuko da berriro, estatu mailako aldizkari batean, Argala errefuxiatuaren erailketa dela-eta, armadako militar ohi bati eginiko elkarrizketan. Bertan armadako kide horrek Argala espainiako ejertzitoak erail izana adieraziko du eta horretarako Mario Ricci laguntzaile gisa ibili izana. Estatuetako estoldek bat egiten baitute anitzetan iluntasunean....

Dulcieren hilketaren arrazoiak ez dira inoiz argitu baina askoren iritzian, erailketa, frantziako Gobernuak edo Gobernuaren inguruko jendeak apartheid errejimenaren aurkako boikot garaian mantentzen zituzten harreman komertzialaren inguruko hainbat informazio eskuratu izanaren ondorioa da. Aziz Pahad, egun Gobernu hegoafrikarreko Nazioarterako ministro ordeak, bere garaian Dulciek laster batean berarekin bildu eta hainbat kontu azaldu nahi zizkiola adierazi ziola esan zuen. Dulciek hainbat datu aurkitu zituen negozio horien inguruan. Eta Frantziako eta Hegoafrikako estoldek ez zuten barkatu.

Dulciek ez zuen bere herriaren askatasuna ezagutu, bere beste hainbat burukidek bezala. Baina bere bizitza osoko borrokak fruituak eman zituen: 1994an askapena eskuratu zuten. Euskal Herrira etorri zela hogei urtebetetzen zirenean gure herria ez zegoen ere 1987an bezala. Askatasuna eskuratu gabe bazegoen ere, bidean aurrera egin genuen, prozesu demokratiko bat ireki nahian, sustatu nahian, hortxe genbiltzan euskaldunak. 1987an Dulcierekin batera Gernikan izandako Jean Ziegler intelektual suitzar ezagunak eta Internazional Sozialistako kideak, (egun NBEko Gosetearen Aurkako Erlatore berezia) euskal auziari buruz, «elkarrizketa zuzenik gabe amaitu ez zitekeen gatazka politikoa» zela zioen, «Madril eta euren ordezkaritzaren arteko negoziaketa baten bidez burutu beharrekoa». Hego Afrikan bezala, Euskal Herrian posible baita. Pakea eta askatasunean oinarrituriko herriak izatea beharrezkoa da. Dulcie, Argala eta beraiek bezalako burukide hegoafrikar edo euskaldunek posible egin eta egingo dutelako. Gaur, Gernika Batzordeak antolaturik, Dulcie September eta berarekin borrokan eroritako guztiak omentzeko parada izango dugu. Amandla!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo