GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea osatu dute tokian tokiko sei irratik

Nafarroan jardun guztia euskaraz egiten duten sei irratiek orain arteko elkarlana areagotzeko sare bat sortu dute. Euren komunikazio baldintzak hobetzeko eta entzuleekiko harremana areagotzeko helburua du.

Iker IRIARTE |

Nafarroan sei irrati baino ez dira euren jardun guztia euskaraz egiten dutenak: Xorroxin iparraldean; Beleixe Sakanan; Karrape Leitzaldean; Aralar Larraun eta Lekunberrin; Esan Erran Ultzama, Basaburua, Odieta, Imotz, Lantz, Atez eta Anuen; eta Euskalerria Irratia Iruñean.

Horien guztien artean orain arte ere nolabaiteko elkarlana bazegoen ere -horren adierazle da, Beleixeko Garbiñek aipatu zuen bezala, irrati horrek, Aralarrek eta Esan Erranek egunero elkarrekin egiten duten 90 minutuko tartea-, horri «bultzada bat» emateko helburuarekin sare bat sortu dute Euskara Elkarteen Topagunearen laguntzaz: Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea. Ekimen berri horretako ordezkari gisa jardun zuen Mikel Bujandaren arabera, «nahiz eta tokian tokiko irratiek ezaugarri propioak ditugun sorrera, nortasun eta kudeaketa aldetik, lotzen gaituen ardatz bat ere badugu: euskararen aldeko lana eta irrati bidezko komunikatzaile soziala izateko asmo eta gogoa». Eta horrek bultzatu ditu sei irrati horiek «etorkizuneko erronkari elkarrekin heltzeko».

Guztiak biltzen dituen web gunearen bidez -www.nafarroakoirratiak.com-, gainera, euskal hiztunen komunitatea «sendotzea» eta entzuleekin «bestelako harreman bat, ikusgarriagoa» lortzea bilatzen dela aipatu zuen Bujandak.

Bi urtetik gorako lana

Proiektu hori gauzatzeko lehen bilkurak duela bi urte egin zituztela adierazi zuten, eta orain lehen emaitzak jasotzen hasi direla: irrati guztien orriak biltzen dituen web orri bateratua eta irratien material eta azpiegituren modernizazio eta digitalizazioa. Hartara, gaineratu zuen Xorroxineko Fermintxok, «maila ezberdinetan gauden irratiak izan arren, hemendik aurrera guztiak material aldetik parekotasun batera iritsiko gara».

Sarea %100ean martxan ez dagoela ere aipatu zuten, baina poliki-poliki garatuz joango dela proiektua. Gainera, etorkizunari begira ez dutela sarea beste irrati batzuetara zabaltzea ere baztertzen aipatu zuten, ezta on-line emititzea ere.

Proiektu horretan parte hartu duten Udalbide eta Topagunea erakundeetako ordezkariak ere pozik agertu ziren sarearen garapenarekin, eta «borondate onean sortutako eskualdeko hedabideak ilusioa galdu gabe profesionaltasunaz hornitu daitezen» desioa agertu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo