GARA > Idatzia > Pilota

«Kirol honetan irabaztea sekulakoa litzateke; izan ere, euskaldunak nagusi dira"

Agusti WALTARI

Pilotaria

Agusti Waltari kubatarrak bere lehen txapel handia irabazi lezake datorren larunbatean Baionan, Moderne trinketean, Thierry Etxeto lagun duela jokatuko baitu Binakako Txapelketako finala. Amerikarra pozik dago, eta badaki berak dakien moduan sakatzen baldin badu, garaipena lortzeko aukera asko izango dituztela, nahiz eta aurrean beste bi pilotari handi izango dituzten.

Jon LEUNDA |

Agusti Waltari kubatarra izango da, trinketeko esku pilota profesionaleko finala jokatuko duen lehen pilotari atzerritarra, orain arte euskaldunak bakarrik izan baitira; bai Bakarkaoan, baita Binakakoan ere. Thierry Etxeto izango du lagun datorren larunbatean Modernen, Baionan jokatuko duten finalean, eta Sorhuet-Ozafrain, berriz, aurrez aurre.

Zer moduz zaude?

Egia esan, oso ongi nago, gustura, eta finala jokatzeko ilusio handiarekin, ea partida ona egiten dugun, eta irabazteko moduan izaten garen.

Finalean zaude, baina lehiaketa hori galtzen hasi zinen, eta kritika dezente ere jaso zenituen.

Hura istripu bat izan zen. Ordura arte ez genuen inoiz elkarrekin jokatu Thierryk eta biok. Berak Buruz Burukoan finalerdietara heldu zen, eta ni, berriz, ezker paretean aritu nintzen entrenatzen, eta elkarrekin ia entrenatu gabe hasi ginen Txapelketan. Hura galdu genuen, baina geroztik luze gabiltza elkarrekin, lan asko egin dugu, eta oso gustura gaude biok.

Thierry Etxeto egungo atzelaririk onenetakoa da. Bera gibelean duzula jokatzea, lasaiagoa izango da zuretzat ezta?

Zalantzarik gabe. Thierry pilotari handia da, eta atzean lan handia egiten du, eta eskarmentua ere handia dauka. Aurrean jokatzen duen batentzat gibelean horrelako pilotari bat izateak lasaitasuna eta konfiantza ematen dizkizu.

Finalerdietako azkeneko partidan hemezortzi kintze egin zenituen saketik. Finalean horrenbeste egiten badituzu, txapela zuentzat izango da.

Bai, eta badakigu. Gure jokoan garrantzitsuenetakoa da sakea, kintzeak erraz egiten ditugulako. Horretan ari naiz aste guztian; sakeak ongi prestatu nahi ditut. Finalerdiko partidetan bezala sakatzen badut, badakigu finala irabazteko aukera asko izango ditugula.

Finalean, ordea, bi pilotari handi izango dituzue.

Hori ere kontuan hartuta gaude. Ozafrain txapelduna izana da, eta eskarmentu handia dauka. Berari kintzeak sartzea ez da erraza. Sorhuetek, aldiz, ez du horrenbeste eskarmentu, eta hori izango da gure jokoa. Aurrean ahalik eta kintzerik gehien egin, eta gero sakea aprobetxatu.

Hilabete batzuk badaramatzazu Euskal Herrian, bai eta EPB enpresan ere. Zermoduz zabiltza?

Oso gustura. EPB famila handi bat da, oso giro ona dago, eta ni oso gustura nabil.

Munduko txapeldun geratu aurretik, garbi esan zenuen zure asmoa onenekin jokatzea zela, eta lortu duzu. Gustura izango zara ezta?

Bai. Pilotari baten asmoa profesionala izatea da, eta onenak Euskal Herrian zeuden, eta haiekin jokatzea zen nire ametsa eta lortu dut. Hobetu nahi baldin baduzu ere, onenekin jokatu behar duzu, bestela jai dago.

Zu ikustera doan jendeak ikuskizuna ikusi nahi du, eta hori da eskatzen dizuna. Presioa sortzen al dizu horrek?

Ez. Badakit jendeak nik ikuskizuna ematea nahi duela. Niri ongi jokatuta irabazi eta jendeari ongi pasaraztea gustatzen zait. Zaleak gustura utziz gero, neu ere gustura geratzen naiz.

Frontoian ere ari zara entrenatzen ezta?

Bai, Asperekin. Jokin Etxaniz da nire maisua, eta asko ari naiz ikasten. Hala ere, ezker paretean jokatzeko oraindik asko daukat ikasteko. Oso ezberdinak dira trinketeko eta frontoiko jokoak.

Non dago zure etorkizuna?

Ez dakit, oraindik zer gertatuko den. Batez ere, niri frontoian eta trinketean jokatzea gustatuko litzaidake.

Profesionaletan lehenengo txapel ofiziala irabazteko moduan zaude. Harrigarria izango litzateke zuretzat ezta?

Dudarik gabe. Euskaldunak nagusi diren kirol batean amerikar bat finalean izatea handia da, eta aldi berean ohorea ere bada niretzat. Irabaziko banu, sekulako poza hartuko nuke.

Moderne trinkete berezia da. Bero handia sortzen da. Horrek kezkarik ematen al dizu?

Ez, ez; eta ni beroarekin gusturago aritzen naiz partidetan. Kuban bero handiarekin jokatzen ohituta nago, eta badakit horrek ez didala eraginik egingo. Moderne ongi ezagutzen dut, trinkete ona da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo