GARA > Idatzia > Txirrindularitza

UCI Pro Tour

Rebellin beteranoak aro berriak gainditu ditu eta Fleche Wallonian nagusitu da

Gerolsteiner taldeko 35 urtekoak Valverde eta Di Luca atzean utzi zituen Huyn

Unai IRARAGORRI | BILBO

Hamasaigarren denboraldia du tropel profesionalean eta 1992. urtean baino ile gutxiago duen arren, goi maila du oraindik. David Rebellin beteranoak bigarren aldiz altxatu zituen besoak Huy muinoan. Onena izan zen eta orain dela hiru urteko garaipena berretsi zuen Fleche Wallonian, 202 kilometro eta 10 malda bete ondoren eta Alejandro Valverde eta Danilo di Luca goitik behera menderaturik. Beraz, podiuma iragan hiru urteko irabazleek zapaldu zuten.

Berriro ere, Huyko azken igoeran erabaki zen klasiko ospetsua. Astanak erritmoa bizitu zuen eta Kessler-ek hartu zuen ardura; Ricco, Valverde, Nocentini eta Rebellin txirrindulariek besterik ez zuten alemaniarren gurpila hartu. Gazteak atzera begira hasi ziren, ezinean, baina Gerolsteiner taldekoak -atzo UCI Pro Tourreko elastiko zuria jantzi zuen-, sendo, betiko dohainak erakutsi zituen eta hanka egin zuen aise. Helmugan, urteko lehendabiziko ospea eskuratu zuen, merezita, eta Amstelen Schumacher taldekidearen garaipena errepikatu zuen.

Ez du inoiz irabazle petoa izan -iragan bi urtetan lau lasterketa baino ez zuen irabazi-, eta 16 denboralditan 46 garaipen pilatu ditu. Beti zituen beste aurkariak aurretik, esaterako, Bartoli, Jalabert edo Bettini; orain dela hiru urte, berriz, sekulako erakustaldiak eman zituen udaberriko klasikoetan eta Amstel, Fleche eta Lieja eskuratu zituen. Beste inork ez du hori lortu.

Euskaldunak ez ziren azaldu bukaeran -onena Vila izan zen, 24.-, baina Euskaltel-Euskadi taldeko Verdugo protagonista izan zen. Nafarrak hanka egin zuen 40.kilometroan, Bichot, Le Mevel eta Loosli txirrindulariekin batera eta helmugatik 33ra harrapatu zuen tropela.

Orduan, hasi ziren izen nagusiak mugitzen, halanola, Gilbert, Ivanov, Cobo, Di Luca, Kirchen, Valverde, eta Rodriguezek burua hartu zuen. Ag2r taldeak tropelak bultzatu zuen eta dena erabakitzeke zen Huyko azken malda hasi baino lehen. Valverdek dena zuen alde baina amore eman zuen, baita Riccok eta Di Lucak ere. Hortaz, Rebellin indartsuena izan zen eta ospeko urteak berreskuratu zituen. Mundiala du ametsetan eta bere burua ikusten du tropelean beste bi urte, gutxienez.

vos bate a cooke. La campeona del mundo Marianne Vos fue la mejor en la Flecha Valona femenina, puntuable de la Copa del Mundo. La holandesa, de 19 años, superó en Huy a la galesa Cooke, vencedora en 2006, la alemana Arndt, las estadounidenses Neben y Armstrong y la suiza Brandli. Iturriaga, única vasca, no terminó.

eSKARMENTUA

Hamasei urte eman du italiarrak profesionaletan eta irabazle petoa ez den arren, 46 garaipena eskuratu du, asko goi mailakoak. Beste bi urte eman nahi ditu eta Munduko Txapelketa du amets gozoena.

EUSKALTEL

Gorka Verdugo nafarrak txirrindulari sendoa da eta talde lana egiten du bikain. Atzo, protagonismoa hartu zuen eta ihesean ibili zen 130 kilometro. Helmugan, ordea, Samuel Sanchez 27. sailkatu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo