GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

euskal preso politikoak, egoera larrian

Hautetsi guztiengana konpromiso eske abiatu da Etxerat

Azkeneko 30 urteotan errepresioari «txeke zuria" eman diote euskal alderdi eta erakundeek. Joera hori iraultzeko premia nabarmendu dute senideek; horretarako, eskubideak bermatzen dituen dekalogoa helaraziko diete hautagaiei.

Ramon SOLA | IRUÑEA

Joxe Mari Sagarduik ia 27 urte daramatza giltzapean, eta oraindik ere bakartuta dago. Jon Agirre Agirianok ere barruan 26 urte egingo ditu laster, eta gai- xotasun larri bat izan arren, ez dute askatzen. Bautista Barandallak espetxean hartutako eta bertan larriagotutako eritasuna ere aski ezaguna da. Oihane Errazkin kartzelan hil zen duela hiru urte. Balerdi familiako bi kidek Almeriako bidean izandako istripuan galdu zuten bizitza. Eta gauza horiek guztiak salatzeagatik otsailean egindako manifestazio batean Ertzaintza oldartu eta dozenaka lagun kolpatu zituen. Erasoa erasoen gainean. Jazarpen horiek guztiak beren larruetan ordaindu dituzten eta oraindik ordaintzen ari diren senideak ondoan zituztela, errepresioari emandako babesa baztertu eta konpromisoak egiteko garaia badela adierazi zuten atzo Estanis Etxaburu eta Hilargi Jaunarena Etxerat-eko eledunek Iruñean.

Egiaztatze batetik abiatzen da horien hausnarketa: azkeneko 30 urteotan euskal alderdi eta erakundeek «txeke zuria» eman diote errepresioari, bai kartzela barruetan bai eta polizia etxeetan ere, azkeneko sarekadan izandako tortura salaketek (bortxaketa batena tartean zen) agerian uzten dutenez. Eta ondorio hau ateratzen dute: «Bestelako jarrera izan balute, hau ez zatekeen gertatuko».

Horiek hala, Tolosan egindako azken Batzar Nazionalean erabaki bat hartu zuten preso politikoen senideek. Sentsibilitate asko biltzen dituen erakundea izanik, hauteskundeei begirako boza emateko iritzirik ez dute hartzen, baina hautagai guztiei kartzeletan dauden herritarren eskubideekiko konpromisoa hartzeko eskatuko diete. Eta era zuzenean egingo dute, banan-banan, eskubide horiek biltzen dituen dekalogoaren bitartez [eskuineko orrian ikus daiteke].

Orain arteko presoei eraso egiteko «txeke zuria»ren tokian, beraz, presoen aldeko konpromisoa jarri nahi dute. Eta erantzun positiboak espero dituzte. «Jakin baitakigu asko direla bere alderdien Batzorde Eragileen jarrerarekin bat egiten ez dutenak», ziurtatu zuten Jaunarenak eta Etxaburuk.

«Bazka ematen al die?»

Hautagaiengan itxaropena du Etxerat-ek; ez, ordea, alderdi eta erakundeetan, horiekin urte askotan senideek eskarmentua dute-eta.

Puntu horrek harritu zuela esan zuen Etxaburuk, eta galdera zehatza bezain gogorra egin zuen. «Bazka ematen al die gatazkak? Ezin dugu ulertu. Guri, hogeita hamar urte hauek samina eta heriotza baino ez digute ekarri», adierazi zuen.

Denboran gertu dagoen adibide bat ekarri zuen gogora: «Polizia etxean esandakoarekin edo ez-esandakoarekin mitinak eman dituzte; joko politikoa egin dute», aipatu zuen. Aldiz, polizia etxe horietan gertatutakoa ez dela salatu ere egin erantsi zuen. Etxerat-eko eledunek ez zuten gehiago zehaztu nahi izan, baina Sergio Lezkanoren kasuari buruz ari ziren; izan ere, bortxaketa eta bestelako tratu txar oso larriak salatu ditu. Alde horretatik, horren inguruan ez da zalaparta politikorik sortu, baina mitin ugaritan «euritakoa»ren metafora erabili dute, Lezkanok bere aterkiarekin Arnaldo Otegi babesten zuen irudia hartuta.

Horrelako joerak baztertu eta behingoz konpromisoak hartzeko gonbita egin diete orain hautagai guztiei. «Zertarako? Gupidagabekeria hori bukatzeko», azaldu zuten Iruñean hedabideen aurrean agertu ziren dozenaka senidek. «Denon konpromisoa behar dugu, eta konpromiso horiekin guztiekin elkarlana bultzatuko dugu», esan zuen Hilargi Jaunarenak. Eta eskaera hori ere herritar orori helaraziko diete. Hurrengo aukera biharko azken ostiraleko elkarretaratzeetan parte hartzea dela gogorarazi zuen.

Kartzelako bost adibide...

Ekimen hori bere eginbeharretako nagusi bat izango da hurrengo asteotan. Bestea, orain arte bezala, preso politikoen egunerokotasunaren lekukotasuna ematen jarraitzearena da. Eta horretarako, hainbat adibide agertu zituzten atzoko agerraldian. «Ezinezkoa da egiten zaigun guztiaren berri ematea, luzeegia litzatekeelako», aitortu zuen Estanis Etxaburuk.

Mahaiari begira jarrita, ezkerreko ertzean Jose Campos ze- goen, Bautista Barandalla presoaren neska-laguna. Aspaldi gaixotasun larria du («estatuek sorturikoa», esan zuen Etxaburuk, eta haren osasunaz ez direla arduratzen aipatu). Baina sendagileek behin eta berriro 92. artikulua aplikatzeko eta kaleratu dezatela eskatu duten arren, orain arte jaramonik ez diete egin. Bere garaian «hil edo biziko» ebakuntza bat egin zioten, eta oihartzun handia izan zuen haren egoerak. Orain ez da horrenbeste entzuten, baina etxarriarrak espetxean jarraitzen du eta bere sendaezinezko gaitasunak bestelako gaitzak eragiten segitzen du.

Camposek Ramon Urrizelki zuen ondoan, Jon Agirre Agirianoren laguna. Horrek ere sendatu ezin den gaixotasun bat du, eta gainerako espetxealdia agortua du, baina bizi arteko zigorraren doktrina berria ezarri zutenez, barruan dute oraindik, 26 urte pasatu ondoren.

Honako hau ekarri zuten gogora Etxaburuk eta Jaunarenak: «Ez gara arazo fisikoez bakarrik ari, gaixotasun psikologikoak ere hor daude: sintoma psikotikoez, delirio krisiez, ideia paranoikoez, bulimia nerbiosoaz, beldurrez, fobiez... Hori eta gehiago eragiten ditu espetxe politikak».

Heriotzak, adibidez. Manu Errazkin eta Jone Balerdi ziren horren ispilu atzo. Lehenak alaba galdu zuen «Estatu frantsesak mantentzen duen bakartze politikak erailda». Bigarrenak, ama eta anaia, Almeriako bi- dean, preso dagoen beste anaia bisitatzera zihoazela. Inpunitatea oso agerian geratzen da berriro kasu horretan; izan ere, Juankar Balerdik espetxe horretan jarraitzen du gatibu oraindik ere, penintsularen beste muturrean, mila kilometrora. Datu orokorra emateagatik, asteburu bakoitzean munduari 20 aldiz bira emateko moduko distantziak ibili behar izan dituzte euskal presoen senide eta lagunek, 40 minutuko bisitetarako.

Hori bezain urruti dago oraindik ere Joxe Mari Sagardui, Gatza. Horren aita, Santos, mahaiaren aurreko aldean egon zen atzo, eta Joxe Marik uztailean 27 urte barruan egingo dituela jakinarazi zuen. Eta 27 urte horietan «tregoa egoerako» eta «distentsio egoerako» «segundo bakar bat» ez duela izan adierazi zuen.

... eta Bilboko jipoia

Adineko emakume bat zuen ondoan Santos Sagarduik: Maria Murgoitio du izena. Otsailaren 24an bera ere Bilbora joan zen, presoen aldeko manifestazioan parte hartzera, eta hor jasan zuen Ertzaintzaren erasoaldia, beste ehunka herritarrek bezala. Eta ondorioz, gaur ezin duela behar bezala ibili salatu zuten Estanis Etxaburuk eta Hilargi Jaunarenak.

Oldartzea bera baino «mingarriagoa» egin zitzaien Etxerat-eko ordezkariei Gasteizko Legebiltzarraren erantzuna. Haiek gogorarazi zuten PP eta PSOE ez zirela izan Ertzaintzaren jokabidea ontzat eman zuten alderdi bakarrak, EAJ, EA eta EB ere haiekin lerrokatu ziren-eta. Eta adierazgarritzat jo zuten hori, azken 30 urteotan landutako «inpunitatea» berrestera etorri baita.

Hori guztia azaldu ondoren, hausnarketarako mezu hau utzi zuten Etxerat-eko ordezkariek: «Gure eskubideak ez dira segundo bakar batean errespetatu 30 urte hautean». Eta eskubide horiek alderdien siglekin baino gehiago pertsonekin zerikusia dutenez, erakundeetan egon nahi duten hautagai guzti-guztiengana joko dute, oinarrizkoak beharko lirateen konpromiso hauek bere egin eta erakunde horietatik berma ditzaten.

«TXEKE ZURIA"

Azkeneko hiru hamarkadetan, «torturatzeko eta espetxe politika ezartzeko txeke zuria eman diote euskal alderdi eta erakundeek Estatuari. Ezer ez dutelako egin gertatu da hori», adierazi zuten Etxaburuk eta Jaunarenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo