GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Monsieur ni-ni

Maite UBIRIA

Ni à droite ni à gauche. Ez ezker, ez eskuin. François Bayrouk bere kanpainaren leloari eutsiko dio. Izan ere, apirilaren 21eko itzalpean jokaturiko lehian espero zuen baino sostengu handiagoa eskuratu ondoren, buruzagi zentristak bere tamainako bigarren itzulia asmatu du. Aldez aurretik alderdi berria sortzeko ametsa aipatu bazuen ere, oraingoan bere plana gauzatzeko kanpaina martxan jarri du. Sei milioi boz luze bildu zituen hautagai biarnesak Presidentetzarako lehen itzulian; orain dela bost urte baino bost milioi gehiago, gutxi gorabehera. Hasierako kapital bikaina etxea zaharberritzeko. Hala ere, jatorri askotariko boz horiei buruz hausnarketa egiteko hamabost egun baino gehiago behar dira. Batez ere, bezero berriak «lehial bihurtu» nahi badira. Maiatzaren 6a hurbilegi dago «ez ezker, ez eskuin» jokabide emankorra amaitutzat emateko. Are gehiago Sarkozyk eta Royalek bere parioan gora eta gora ari direnean, zentristen bozak irabazteko premian. Bistan da hauteskundeen azken itzulia legebiltzarreko bozketan jokatuko dela. Eliseorako azken lehian bere hautesleak, berria edo zahar, zein hautu egiten duen aztertu eta gero zehaztuko du egitasmoa Bayrouk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo