GARA > Idatzia > Ekonomia

Euskal Herriko Bilgune Feminista «Duintasunaren Taula» zehazten ari da

Rebeka CALVO | IRUÑEA

Maiatzaren 1aren gertutasuna ikusita, Euskal Herriko Bilgune Feministak emakumeen «errealitate sozioekonomikoaren azterketa orokorra zein eraldaketa sozialerako bermatu beharreko eskubide sozio-ekonomikoak» ari dela aztertzen argitu zuen atzo elkarteko kideetako batek, Rosa Iriartek, Nafarroako Enpresarien Elkarteko egoitzaren parean.

Horretarako «Duintasunaren Taula» ari dira egiten, hain zuzen, emakumeen «bizi-baldintzak duintze bidean, eraldakuntzarako oinarrien zerrenda» dena, esan zuen Iriartek.

«Hurrengo hilabeteetan hainbat adinetako eta eremutako emakumeekin, zein sozioekonomian mugitzen diren eragileekin kontrastatzea da nahia. Gure proposamena eragile eta emakumeekin hitz egin eta ekarpenak jasotzea da, horrela borroka zehatzak identifikatu ahal izateko», gaineratu zuen Bilgune Feminista elkarteko beste kideetako batek, Miren Aranburuk.

Bilgune Feministako kideak indarrean dagoen sistema kapitalista kritikatu zuen ere bai «izaera patriarkala» duelako eta emakumeen ekarpena etxeko eta ekonomia nazionalean «errealitatea» bada ere, ez delako inolaz ere bere neurrian baloratu.

Ildo horretan, Iriartek «emakumeok lan merkatuan sar bagaitezke ere, sarbide hori ez da inolaz ere berdina sexuarentzat, ez baitu lan merkatua aldatu, emakumeok moldatu dugu gure denbora eta nahiak merkatuaren beharretara», esan zuen.

Era berean, elkarteak prekarietatea izan zuen hizpide. «Prekarietatea jendartea esplotatzeko eta zatitzeko sistema kapitalistaren bitarteko bezala kokatu eta aztertuz, eskubideen murrizketa ekartzen duela argi ikusten dugu», azaldu zuen Aranburuk.

Hori guztia dela-eta, Bilgune Feministak emakume guztiei Langileen Nazioarteko eguneko mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egin zien eta «dagozkigun eskubide sozio ekonomikoak aldarrikatzeko», aipatu zuen elkarte feministako kideak.

Bestalde, Iruñerriko Ezker Abertzaleak ere Maiatzaren 1a dela-eta, Segik eta LABek deitutako mobilizazioetan parte-hartzeko deialdia egin du. Alde batetik, LAB sindikatuak antolatuta, Iruñeko Autobus geltokitik 12.00etan aterako da manifestazioa. Beste alde batetik, Segik 19.00etan egingo du manifestazioa ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo