GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Gaitzespenaren itxurakeria jasanezina

Ez da egia hauteskundeetara aurkezteko indarkeria gaitzetsi beharra dagoenik. Herri honetan ezker abertzaleak ETA, eta ez beste inor, gaitzetsi behar du. Eta ez da egia, hala berean, Euskal Herriak ez diola heldu gatazkaren konponbideari ETAren biolentzia dela-eta. Hemengo gabezia demokratikoaren iturria estatuen larderia eta biolentzia izan da eta da.

Prozesu demokratikoari heltzeko biolentziak desagertu egin behar omen du. Munduan konpondu diren gatazketako esperientziak besterik erakutsi du; hala ere, bat nator, aurrez biolentzia desagertzen bada, hainbat hobe. ETA ez omen dago prest, ordea. Horixe irakurri diote, beste batzuek kontrakoa, hain zuzen, irakurri diogun lekuan: «Erasoak desagertzen badira, prest gaude biolentziarik gabeko eszenario batekin konpromiso sendoak hartzeko». Bai, bai, laño samarra naiz, baina ez guztiz inozoa: biolentzia esaten dutenean, ETAren biolentzia esan nahi dute, biktimak aipatzen dituztenean Brouard edo Berrueta hizpide ez dituzten modu berean.

Lakuako Gobernuak ETAri ez ezik, Gobernu espainolari ere gaitzesteko eskatu berri dio, frankismoa gaitzetsi eta Gernikako bonbardaketaren biktimei barkamena eskatzeko... egungo Gobernu eta Parlamentu espainolak Erreplublikako Gobernu haren oinordekoak omen direlako. Nondik nora? Monarkia konstituzional horretako Gobernua Errepublikakoaren oinordekoa? Faxismoarekin egindako itunetik sortutako gobernuak faxismo berak indarrez bota zuen Gobernuaren oinordekoak? Hala izatera, ez lukete zertan barkamenik eskatu. Ez dezatela gaitzetsi, ez gobernu horiek ez francozaleek ere. Ez dezatela barkamenik eskatu ez frankismoan egindako sarraskiengatik ez frankismo ondoko hilketa eta torturengatik, ez herri honi izana bera erauzten saiatzeagatik. Ez dezatela hitz erdirik esan, baina utz dezatela bertan behera indarkeria.

Bestela, gaitzesten hasita, gaitzets dezatela gaitzetsi zale guztiek langileen aurkako indarkeria, badute-eta zer gaitzetsi: iaz 129 hildako, aurtengo lau hilabeteotan 40 inguru. Badirudi, baina, horiek ez dutela herritarren bizikidetasuna arriskuan jartzen. Enpresaburuek langileek baino askoz diru gutxiago deklaratzen dute ogasun publikoan, etekin ikaragarriak izanda ere. Jakina, irabaziak inbertitzeko omen dira. Baina ez lan istripuei aurrea hartzeko eta prekarietatearen kontra egiteko, behinik behin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo