Julio Soto Ezkurdia Bertsolaria (Iruñea)
Errukia?? Benga ya!
Nazkatu nintzen, nazkaarazi ninduten, nazkatu naiz, nazkaarazi naute, ze nazka!!
Zer da errukia? Norbaitek ba al daki? Nire entziklopedian esanahi bakarreko hitza da eta ni esanahi bakarreko gizona naiz, edo saiatzen naiz izaten.
Niretzat errukia besteetaz pena sentitzean datza, baina ez horretan bakarrik, pena horrek era batera edo bestera baldintzatzen nau. Norberaren filosofiarekin kontsekuentea ez den hark filosofiarik ez du.
Zer balio du telebista piztu eta gosez hiltzen dauden haurrengatik errukia sentitzeak telebista hori plasmako telebista bat bada? Zer balio du irudi hori ikusi eta «gixajoak» esateak arropa erostera joan eta gustuko dugun kamiseta markakoa ez izateagatik garestiago den bat erosten badugu? Zertarako balio du erruki horrek 70 zaldiko auto bat nahikoa izan eta 150ekoa erosten badugu? Zer balio duen esango dizuet: EZER EZ!!
Horrelako pertsonen entziklopedian erruki hitzak esanahi bikoitza du, nire entziklopediakoa definizioz eta eurena izatez.
Besteak engainatu nahi baditugu engaina ditzagun baina geure burua ez dezagun engaina. Pentsatzen duzun bezala bizi ez bazara, bizi zaren bezala pentsatzen bukatuko duzula gogoan izan. Nik onar dezaket esanahi bikoitzeko hitzak egotea baina esanahi bikoitzeko pertsonek nazka ematen didate!