Angel Torre Meñakako EAJko zinegotzien izenean
Meñaka, guztion herria
Azken lau urteotan, Meñakako EAJ agintean dauenetik, ez dogu ezker abertzalea inondik ikusi, herriko eraikinak loituten dituen pintadaren batean izan ezik. Baina hara, hauteskundeak datoz; esku hutsegaz eta proiektu barik aurkezten direnak guzurra eta iraina erabili behar euren gabeziak estaltzeko. Hori egin dau Asier Legarretak, berak hainbeste maite dauan euskerea alde batera utzita, egunkari honetan erderaz idatzi dauan gutunean. Maltzurkeriz, nahas- tatzen ditu EAJren agintea aurrekoegaz, gure herriko udal gobernua beste alderdi batzuen erantzukizuna izan zan sasoiko kontuak guri leporatu gurean. Txabolak egin dirala dino, halaxe da, baina gure agintean bat bera berez. Egin diranak zuen ordezkariak Udalbatzean egozanekoak dira.
Ura ondasun garrantzitsuegia da edozer esaten ibilteko. Zorionez, gaur egun Meñakan ur ona daukagu lurpean, baina bihar zer? Lur azpitik sortzen dan ura ez dakigu noiz amaituko dan edo kontaminatu daitekeen edo ez, eta hori gertatzen danean zer? Beste alde batetik, ur lohiak ondo garbitu behar dira errekera bota aurretik. Horretarako inbertsino handiak egin behar doguz araztegi eta azpiegitura barriak eraiki eta mantentzeko. Meñakako Udalak, bere kontura, dirutza horri aurre egiteko etxe bakoitzak urtean 1.700 euro ordaindu beharko leukez, gaur egun ordaintzen diran 140 euroen ordez; nor dago hori ordaintzeko prest?
Zinegotzien senitartekoei lana emon jakela esaten da aurrerago. Legegintzaldi honetan ez dogu lanpostu barririk sortu. Denpora baterako garbitzailea ordezkatzeko egin dogun deialdi publikoaz bazabiltza, Asier, ez dogu ulertzen non dagoen arazoa, jakinda gure eskakizunari erantzunez pertsona bakarra aurkeztu zala. Zeuk euskerazko klaseak emoten dozuz Udalak antolatutako ikasturtean. Azterketaren bat gainditu dozu? Nork emon eutsun lehenengotatik aukera hori?
Etxebizitza barrien arloan, legegintzaldi honetan, gazteek prezio egokian erosteko, hamabi etxe egiteko proiektua ipini dogu martxan. Barriro bere nahastatu gurean, aurretiaz egindakoa dakarzu platerera. Dana dala, galdera bat: azterketaren bat egin behar jake Meñakara bizten etorri gure dabenei? Gure apostua hau da, Meñakara datozenak herrikotu daitezan euskeraz ikasteko eta euskal giroan bizteko aukerea emotea.
Baserriak barriztatu; barregurea emoten dau kontuan hartuta kezka hori dozuenok etxe dotore eta ederretan bizi zariela. Gure baserritarrak ezin dabe aukera hori izan? Baina zuok bitartean etxe dotoreetan.
Kultur Etxea dala eta, ez badakizue bere, Meñakan alkarte bat baino gehiago dago jo eta ke lanean. Guztiak ikusi dabe eraikin hau eta han beharko litzatekezan ekipamenduei buruz euren iritzia emon bere bai.
Txokoaren gestinoa barriz, Aldazpe alkarteak daroa eta erabili bazkide guztiok. Meñakabarrenako lokala ez dakizue zertarako dan. Ba, ez jakiteko, «majo» erabilten dozue afariak eta alderdiaren batzarrak egiteko.
Jakizue herrigintza egunean egunean egin behar dala, ez lau urterik behin, ez eta irainak eta guzurrak erabiliz. Legegintzaldi bat baino gehiagotan zuen alderdiko zinegotziak izan dira Meñakako Udalbatza osotzen, kulturako zinegotziak bere izan dozuez, baina zer egin dozue herri honegatik? Zein da zuen modeloa? Oraindik ez dakigu.