Tantaz tanta, ibaetan, euskal unibertsitateari bidea eginez
Euskal Unibertsitatearen bidea ireki eta eraiki nahian aspaldi ekin zion arraun egiteari Euskal Herriak Bere Eskolak. Atzokoan ordea, haren ibilbidean eten bat egin eta Euskal Unibertsoan egin zuen geldialdia, euskal unibertsiatea irudikatzeko xedez jaiotako ekitaldian, alegia. Hamaika saiotan izandako ehunka lagunekin, ur zikinak depuratu, biziberritu eta Euskal unibertsitatearen itsasorantzako bidea egiten jarraitzeko suspertu zen herri ekimena.
Euskal Unibertsoaren erreka borborka agertu zen atzo Ibaetako Campusean. Hamaika hitzaldi, eztabaida eta esperientziatan bildutako ikasle eta irakasle andanak lagunduta egin zuen bidea eta laster baino beranduago Euskal Unibertsiatea izena duen itsasoa jomugan izango dutela baieztatzeko parada ere hartu zuten bildutakoak.
Goiztiar esnatu zen Euskal Herriak behar eta nahi duen unibertsitatea irudikatzeko asmoa duen EHBEk bultzatutako ekimena, baina ez zuen bakarrik egin. Goizeko bederatzietan ireki ziren guneetako ateak eta ordu luzeez erraustegietaz, elikadura subiranotasunaz, AHTz, etorkinetaz edota teknologia berrietaz luze eta zabal aritzeko beta izan zuten izandakoak.
Hizlari lanetan sona handiko pertsonak egon ziren, hala nola, Iñaki Antiguedad Hidrometeorologia katedraduna edota Paul Nicholson EHNEko kidea. Baina hizlari esanguratsuenak ezbairik gabe ikasleak izan ziren.
Egungo eskola ereduak horren ohituta gaituen ikasle ixil, otzan eta burumakurrak atzoko ikastaroetara kale egin, eta haien ordez, sormenaz eta jakin-minaz bustitako ikasleak joan ziren. Haiek izan ziren benetako protagonistak.
Eta horren adibide sexualitatea eta hezkidetza goiburu zuen tailerra. Arkitekturako hainbat ikasle hezkidetza zer ote zen jakinguraz joan ziren hitzordura, beste hainbat ordea umeekin izandako bizipen ugariren ostean parekidetasuna lortzeko errezeta magikoaren bila. Azken horiek, ez zuten zorterik izan, ezta haien burua sexistatzat ez zutenak ere. Baina lan taldetik buru-makur atera ordez, dinamizatzaileak, Mireia Delgadok, oparitutako «betaurreko hezkidetzaileak» jantzi eta ekinaren ekinez Euskal Herri parekidea eskuratuko dutelaren itxaropenaz zipriztindu ziren.
Ehunka lagun izan ziren egun osoan zehar hitzorduetan bildutakoak, haietako asko Ibaeta bertako ikasleak baina haietaz gain Euskal Herrian barrena dabiltzan unibertsitarioak ere ikus zitezkeen han hemenka.
Bakoitzak ikasitakoa lagunari azaltzen zion bitartean, txalaparta soinuek ekitaldiari leku egin zioten. Aizkolariek argiki erakutsi zuten egun Euskal Herrian ditugun unibertsitateek betetzen duten papera: zatiketa. Umorez beteriko antzezleek ordea, etorkizun ilunetik aldentzeko alternatiba aurkeztu zuten: Euskal Unibertsiatea.
Ekitaldiari amaiera emateko EHBEko kide Ibai Redondok hartu zuen hitza eta beste herrialdetako iraultzek eskainitako ispiluari so egin zion eta hezkuntzaren garrantzia nabarmendu zuen, hori baita, haren iritziz, iraultzaren oinarria.
Herritar espainar eta frantsesak hezitzeko apustua egin duten horiei kritika zorrotza egin eta izandakoei, aldiz, ur horietan barrena arraun egiten jarraitzeko gonbita egin zien EHBEk; begi bistan baita zerumuga: Euskal Unibertsitaea.
Oihana LLORENTE