Hemen dira Lazkaoko bestak, udaberriko lehenbizikoak
Udaberriko lehenbiziko jaiak dira Lazkaokoak, eta herritarrak parrandarako irrikaz daudela nabari da. Ekitaldi ugari dago aukeran egunotan, eta, garrantzitsuena, giro zoragarria kale eta tabernetan. Joan den asteburuan bota zuten txupinazoa, baina oraindik egun pila bat dituzte disfrutatzeko, herrikoen ondotik Lazkaomendi auzoko bestak etorriko direlako.
M.I. |
Ez da aspertzeko betarik izanen Lazkaon asteburu luze honetan, joan den asteko beroketaren ondotik bete-betean sartuko direlako herritarrak besten euforian. Gaur, haurrak xakean arituko dira plazan, elizkizuna izanen da San Prudentzio ermitan, buruhandiak ibiliko dira umeen atzetik lasterka, Antzar Gazteak taldeak txistu doinuz jantziko du herria, areto futbola izanen da...
Txosna Batzordeak ere badu bere egitaraua, eta Presoen Aldeko Topaguneak deitutako giza katea ageri da gaurko ekitaldien artean. Arratsaldeko zortzietan izanen da.
«Tropikala»
Apirilaren 20an eman zioten hasiera lazkaotarrek herriko bestei, udaletxeko balkoitik suziria botata, eta ordutik alai eta umoretsu dabiltza, egun pila bat baitituzte parrandarako. Urrun dago maiatzaren 6a.
Lazkaon ez dago txupinazoa egiteko ohitura handirik, baina, hala ere, jende mordoxka bildu zen 19.00etan Udaletxe au- rrean, gero itzulia egiteko, erraldoien, buruhandien eta Antzar Gazteak txarangaren musika, dantza eta txantxak lagun.
Presoen aldeko ohiko kontzentrazioaren ondotik, beste txupinazo bat egin zuten beren omenez.
«San Prudentzio pixontzi!» esaka aritzen dira lazkaotarrak, ez dutelako jairik izaten euririk gabe. Joan den asteburuan, ordea, eguzki goxoak ferekatu zien azala, «Euskal Herri tropikala» izan zen, herritarren hitzetan. Aparteko eguraldi hori lagun zelarik, jende dezente ibili zen tabernen inguruan ordu txikiak arte.
Hurrengo egunean, larunbatean, mugimendu handia izan zela jakinarazi digu Eukeni Lasa herritarrak. Era guztietako mozorroak ibili ziren hara eta hona «Zo Zongo Perkushow» taldearekin batean; Tarzan eta sagardotegi ibiltaria tartean. Lasaren arabera, «ahalegin handia egin zuen gazte jendeak mozorroak eta gurdiak prestatzen, eta helduagook ere joan ginen giro alaiaz gozatzera».
Txosna Batzordeak antolatuta, patata tortila lehiaketa eta sagardo txotxa izan ziren arratsaldean, baita «Interruptus» antzezlana ere. Gero AHTren aurkako elkarretaratzea egin zuten, aldarrikapena eta besta lotuta.
Igandea ere, umeen eguna, ekitaldiz gainezka etorri zen: artisau azoka, Lazkao Txikiren omenaldia eta danborrada izan ziren, besteren artean.
Maiatzaren 5ean Lazkaomendi auzoak hartuko du jaien testigua. Otorduak izanen dira, bertsoak, txirrindularitza, erromeria, jokoak...
Besta handia eginen dute bihar lazkaotarrek, San Prudentzio eguna baita eta hainbat ekitaldi baitago herritarrak alaitzeko prest. Txistularien diana izanen dute goizean goiz, eta ondotik prozesioa eginen dute ermitara, han Meza Nagusia aditu eta Oin Arin taldeko dantzarien ikuskizunaz gozatzeko. Udaleko agintarien soka-dantza ere izanen da. Arratsaldean, Oin Arin-eko lagunak arituko dira berriro gorputza mugitzen, Urrezko Aizkora izanen da plazan eta harrijasotzaileak ere bai.
Txosna Batzordeak ere egitarau oparoa osatu du «herriko aldarrikapenak kaleratzeko». Bertako ordezkari Josebak azaldu duenez, «herri jaien aldekook zinegotzien arropa jantziko dugu ilegalizazioa dela-eta udaletxetik kanpo gaudela salatzeko». Eguerdiko hamabietan luntxa eginen dute txosnetan eta, Meza Nagusia bukatutakoan, «Mozorrodantza» eginen dute trajea eta gorbata soinean dituztela. Poteoa ere izanen da.
Herri bazkarian sabela goxatu eta gero, 18.00ak aldera, errekan behera jaitsiko dira gazteak bidoi, koltxoneta edo antzeko beste edozein objekturen gainean. Hori da aurtengo jaietarako prestatu duten berrikuntzetako bat, eta, eguraldiak laguntzen baldin badu behintzat, jendea parte hartzera animatuko dela pentsatzen dute antolatzaileek.
Iaz ere egin zuten lazkaotarrek «Herriko aldarrikapenak kaleratzeko eguna», eta orduko oroitzapen grisa du Josebak: «Lagun gutxi ginen eta tentsioa izan zen Udaleko jendearekin. Ez dugu uste aurten halakorik gertatuko denik, gehiago izango garelako eta ez zaielako istilurik izatea komeni hauteskunde atarian», azaldu du.
GARA