GARA > Idatzia > Ikusmira

Herritarrek ezin dute eztabaidatu; ordaindu, bai

Abiadura Handiko Trenaren kontrakoek atzo goizean egin zuten ekintza baketsuak berehala izan zuen erantzuna; Adif trenbide azpiegiturez arduratzen den enpresaren bulegoen okupazioan parte hartu zutenak atxilotu zituzten, hain zuzen. Erantzun hori proiektuaren eta hura aurrera eramateko moduaren araberakoa izan zen. Izan ere, administrazioek hasieratik argi izan dute herritarrek ez dutela zer esanik proiektu horretaz. Baina herritar askok -eragile politiko, sindikal eta sozial askok bezala- uste dute badutela zer esana eta igandean hala adieraziko dute Bilbon.

AHTren proiektuak ezin hobeto ordezkatzen du, alde batetik, azpiegitura erraldoien sukarra: neoliberalismo itsuaren interesen mendeko proiektuak, gizarte eskubideak murrizten dituztenak, eta, bestetik, administrazioen nagusikeria, lau urtean behin jasotzen dituzten bozek denetarako eskubidea ematen dietela uste baitute. Herritarren iritzirik kontuan izan gabe horrelako proiektuak aurrera ateratzeak ez baitu beste izendapenik. Informazioa ukatu dute eta, hala ere, bide alternatibotik zabaldutako informazioari esker, gero eta herritar gehiagok erakusten dute haren kontrako jarrera; gero eta gehiagok eskatzen dute azpiegituren gaineko eztabaida. Azken batean, azpiegitura horien onurak edo kalteak berek jasoko baitituzte eta, ezin ahaztu, eurek ordainduko baitituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo