GARA > Idatzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

AHT: Treguarik ez

Nola egin herritar guztiek ahalik eta argien irudikatzeko gainera datorkiguna? AHTk sortuko dituen kalteak herritar guztiei aldez aurretik jasanarazita

Borrokak ez direla inoren monopolio erran behar izan dut askotan, gehienetan, borrokarako prest ez zeudenei ulertarazteko egitea hobe dutela, egiten dutenak gaizki egiten dutela erraten ibili beharrean. Gainera, gaizki nola den dakienak, aukera gehiago du ongi egiteko.

Makroguda batek bataila guztiak estali edo gerokoratzen dituen herri honetan ohitura handia dago Bat begiraturik hura eta beste guztiak ikusteko gai garela pentsatzeko; eta azaordea, alegia, biceversa. Erran nahi baita, batailek gudaren ikusmira ezabatzea. Ez ulertzea Bat ez balego, besteak ez leudekela eta besteak moldatzea Bata moldatzeko bide bakarra direla. Baina ez gaitezen luzatu azalpenetan, nihoanera noa.

Jakin dut azken asteotan EAEko trenbide sarearen arduradun nagusien logistikak sabotaje andana pairatu duela. Nola tren geltokietan hala trenetan bertan ere bai, indarkeria erabili gabe burututako ekintzak. Tresnak: lotitea, silikona... eta irudimena barra-barra. Ez dei telefonikoz edo pintaden bidez jakinarazitako ekintzak, baizik eta prentsara idatzitako ohar baten bidez egileek bere gain hartutakoak; zergatiak eta helburuak argi eta garbi azalduz. Eta bide batez, sortzen duten deserosotasunaren ondorioz publiko eginak. Nola egin herritar guztiek ahalik eta argien irudikatzeko gainera datorkiguna? AHTk sortuko dituen kalteak herritar guztiei aldez aurretik jasanarazita. Zeren eta ez baita berdin munduko borondate eta konpromiso guztia jartzen duten lau lagun mendi erdian bi eskabadoretara kateatzea eta egundoko jipoia jasota etxera kartzel eskaera batekin joatea edo Gipuzkoa erdia lau orduz trenean ibili ezinik geratzea inork inoiz nor izan den jakiteko aukerarik eman gabe. Ez da berdina, ez horixe!

Oroitzen duzue nor zen Jaime Iribarren jaun txit ohoregarria? ETBn atera zen... que si era un cobarde, eta zotin artean jarraitzen zuen... que iban a violar a mi neska... me ponian botellas de plastico en las manos... Jaimito Nafarroako Gazte Kontseiluaren lehendakaria zela uste dut, zerbait horrela; famosillo bat. Egin zizkioten torturak Leitzarango autobiaren aurkako ekintzak leporatuta egin zizkioten. Berari bezala...

Baina nihoanera noa. Autobia zen eta AHT da. Ezkutuko penitentziek ekarri diguten sufrikarioa gehiegizkoa da bataila bakarrean galtzera emateko. Bertze arlo batzuetan akats izandakoa errepikatzea gizakiena litzateke; eta euskaldunak ez gara gizakiak, jendartea gara. Eta hiztegiari horrelako iraultzak egiteko gai izanik: ez ote gara gai AHT gelditzeko? Horretan ere, errendituko garen herri bat ote? Berandu baino lehen, irudimena eta silikona, irudimena eta kemena, malaostia eta irudimena; egurra irudimenez... Galdetzen ez badute, erantzun! AHT nahi duzu? Bada, zure esku dago. Irudimena, kemena, silikona... eta zentzuna. Ke tampoko tenemos quince años.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo