GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garzonen aurka jotzen duen manifestu bat ari da zabaltzen Behatokia

GARA |

Joan den apirilaren 10ean, Baltasar Garzon epaile espainola protagonista eta egile zuen dokumental bat eman zuen TVE2 kateak; bertan, Hego Amerikako hainbat diktaduraren gainean aritzen zen, eta tortura jazartzen duen epaile gisa azaltzen zen. Hala, Behatokiak Auzitegi Nazional espainoleko epailearen aurka jotzen duen manifestu bat osatu du, eta hura zabaltzeko ari da lanean. Estatu espainoleko eta Euskal Herriko hamahiru elkartek eman diote dagoeneko atxikimendua.

Behatokiak osatu duen testuak zalantzan jartzen du Baltasar Garzon epailea pertsona «egokiena» ote den tortura kasuez hitz egiteko, Auzitegi Nazionaleko areto bat gidatzen duelako, eta «lehenengo pertsonan» eza- gutzen baititu horrelako kasuak; eta, horrezaz gainera, epaileak berak «terrorismoaz» akusaturiko herritarrak inkomunikatzeko agindua ematen baitu.

Abokatuek, legelariek edota giza eskubideen aldeko hamahiru elkartek azaldu diote atxikimendua manifestuari. Besteren artean, Andaluziako bi elkartek, Aragoiko batek, Kataluniako beste hiruk, Euskal Herriko lauk eta Madrilgo hiruk. Testua zabaltzen arituko da Behatokia; babes handiagoa biltzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo