GARA > Idatzia > Txirrindularitza

EUSKALTEL-EUSKADI Iparraldeko Infernua

Iban Iriondo: «Paris-Roubaix bukatzea abentura bat da»

Zumaiakoa ihesean ibili eta ondoriak jaso ditu; atzo bizikleta berriz hartu zuen

Unai IRARAGORRI | BILBO

Ezinean ibili da Iban Iriondo apirilaren 15etik. Orain dela 12 egun, Paris-Roubaixen lehiatu zen eta «esperientzia pozgarrriena» bete zuen. Baina «Iparraldeko Infernuaren» ondoriak oraindik ordaintzen ditu Euskaltel-Euskadiko gazteak. Zorabioak izan ditu eta ezin izan du bizikleta hartu atzo arte, hobekuntza izan duelako azken egunetan. Edonola ere, itzultzeko prest agertu zaigu gipuzkoarra.

Roubaixen sufritu ostean, «buruko minak» joan den asteazkenean hasi ziren. Hain zuzen, lepoan kizkurguneak ditu eta burtzoraldiak eragiten dizkidate. Masailariak zergatiak argitu dizkio. «Ez da Paris-Roubaix klasikoaren ondoria bakarrik; izan ere, lehenengotik nuen minduta lepoa eta lasterketa horretan ondatu zen erabat», esan du.

«Zutituta eta oinez ondo nabil, minik gabe, baina eserita, minutu batean buruko mina», aurreratu zigun aste honetan. Zorionez, «hobetoxeago» ibili da azken egunetan; hain justu, atzo atera zen entrenatzera bi ordu eta erdi. Egia esan, gaur proba izango zen Errioxan lehiatzeko, baina atzeratu egin du agerraldia Asturias arte.

Iparraldeko Infernuan protagonista izan zen, ustekabean; aurreneko egunean sukarra baitzuen eta ez zen hoteletik atera. «Eztarriko infekzioa nuen», baieztatu digu Cerami Sari Nagusian aritu ondoren.

«Lehenengo aldia zen eta bukatzea zen nire asmoa Roubaixen. Baina atera nintzen egoeran ez nintzen baiezkor, ahultasun nabarmena nuen, eta ehun kilometro egin eta gero lasterketatik at ikusten nuen neure burua», gogoratu du.

Harbide «bukaezinak»

Zuzendariaren aginduak bete zituen zumaiarrak eta lehendabiziko ihesaldian sartu zen, ordea. «Zortea izan nuen; tropelean zorakeria da, erorketa gehiago daude. Aurreneko kilometroetan behartuta ibili nintzen. Pixkanaka, atzetik geratu nintzen baina beste multzo batzuek harrapatu ninduten eta helmugaratu nintzen» azaldu zuen.

Amaigabea egin zitzaion klasikoa. «Harbideak ehun kilometroan hasten dira eta 28 dira guztira, sarrera bakoitzean iragarritzen dute zenbat geratzen diren eta bukaezin bilakatzen da; nazkatuta amaitu nuen. Bukatzea lasterketa hori abentura bat da, oso gogorra da».

Azkenean, Roubaixeko Belodromora iritsi zen. «Orain arte profesionaletan izan dudan esperientzia pozgarriena izan da», esan du. Bestetik, giroa nabarmendu du, «Arenberg basoan batez ere, ikurrinak ere ikusi nituen», esan du harro.

Iriondok aitortu du Roubaix lasterketak sufrimenduaren marka guztiak gainditu dituela. «Flandesen lehiatu nintzen lehengo asteburuan eta uste nuen ezinezkoa zela beste lasteketa gogorragorik egotea... Roubaixera heldu arte. Behintzat, eguraldi ederra izan genuen, zer ote euriarekin!».

Gogortasun horrek ez dio kikildu eta hurrengo urtean irteeran izateko prest da. «Gusturua bueltatuko nintzateke; aurten, berriz, ezin izan nuen dena eman».

El Milram logró el doblete ayer en la segunda etapa del Tour de Baja Sajonia, Petacchi logró su segunda victoria consecutiva secundado por Zabel en la línea de meta, mientras que Bazayev (Astaná) se tuvo que conformar con la tercera plaza. En la general, el italiano, que ayer sumó su octava victoria de la temporada, supera a Brown (Rabobank)

Burua altxatu du bigarren denboraldian

22 urte baino ez du -astelehenean 23 beteko du- eta Euskaltel-Euskadiren etorkizunerako apustua izan zen. Izan ere, hiru urte eman zituen amateurretan eta maila erakutsi zuen, GARAko Hasiberrien txapelketa erdietsi zuen 2003. urtean.

Gaztetasunaren gabeziak asko nabaritu zuen iaz. «Lehendabiziko urtean jauzia somatu nuen. Hasieran, gaizki ibili nintzen; lasterketak kostata amaitzen nituen edo bertan behera uzten nituen. Bigarren zatian, ordea, gora egin nuen eta gustura bukatu nuen».

Aurten, beste urrats bat egin du. Asturiasko Itzulian lehiatuko da berriro, eta Pro Tourreko Catalunya eta Suitza itzulietan aukera izango du goi mailan. Iaz baino gehiago eman nahi du: «taldeak eskatzen didan lana ahalik eta ondoen egin, ihesaldiak harrapatu eta aukerak aprobetxatu», amaitu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo