GARA > Idatzia > Kirolak

"Waltariri pilota kentzea izango da finaleko gure helburua"

Sebastien SORHUET

Pilotaria

Sebastien Sorhuetek gorakada handia eman du azken urtebete honetan, eta hori baieztatzeko aukera izango du bihar Baionan jokatuko duten finalean. Pausuko aurrelaria gustura dago, horrelako partida batean izatea baita pilotari guztien ametsa. Hala ere, Waltariren sakeak kezka sortzen dio, baina berari eta Etxetori aurre egin eta txapela janzteko ametsari eusten dio.

Jon LEUNDA |

Sebastien Sorhuetek lehen final handia izango du biharkoa. Patrick Ozafrain izango du atzean, eta Waltari-Etxeto, aurrez aurre. Pausuko pilotaria gogo handiarekin dago, trinketeko esku pilota profesionaleko egunik handieneko partaide izango baita. Hala ere, hori baino zerbait gehiago ere lortu nahiko luke bihar, Baionako Moderne trinketean jokatuko den final erakargarri horretan.

Zer moduz zaude biharko finalaren aurre honetan?

Ongi nago. Eskuak, zangoak, denak ongi ditut, eta gogoz nago larunbata heldu eta finala jokatzeko.

Patrick Ozafrain da txapelketa honetako zure bikotekidea. Hura ere ongi al da?

Bai, bai, berak ere ez du inongo arazorik, eta hura ere ongi dago. Biak gaude eguna heltzeko gogoarekin. Horrelako final bat jokatzea gauza ederra da; denok nahi izaten dugu bertan izan.

Waltari eta Etxeto izango dituzue aurrez aurre. Aurkari gogorrak dituzue, ezta?

Bai, bikote oso gogorra da. Waltarik sake zitala dauka, eta hori da gure kezka nagusia. Finalerdietako azkeneko partidan hemezorzi kintze sartu zituen botetik, eta hori kezkatzeko modukoa da. Bere sakeei erantzun ona ematea da gure asmoa.

Aurkariek duten sakea al da beldurrik handien ematen dizuena?

Bistan da. Waltarik asko sakatzen du, eta partida handik joaten da. Errestoan fin ez bagaude, sekulako zuloa egingo du, eta partida erabaki daiteke. Hori da gure kezketako bat, eta gero kubatarrari pilota kentzea; berari ez jokatzen uztea, alegia.

Thierry Etxetori lana eginaraztea al da finalerako duzuen asmoetako bat?

Hori da gure asmoa. Pilota atzean jartzea, eta Thierry Etxetori lana ematea, horrela zaila izango baitu Waltarik jokoan sartzea, eta bera jokoan sartu ezinik baldin badabil, arrisku txikiagoa izango dugu. Hori lortzen badugu, ez gara gaizki arituko.

Zuek txapela irabazteko faboritoetako batzuk zineten hastapenetik. Finalean izatearekin lehen helburua beteta duzue, ezta?

Hori da. Gure lehen asmoa finalean izatea zen, eta hori lortu dugu. Lehiaketa bateko final bat beti partida berezia da, eta edozer gerta daiteke, baina guk gure jokoa eginez jarraitzen badugu, zerbait egingo dugu.

Zuek orain arteko partida guztiak irabazi dituzue, baina Waltarik eta Etxetok bat badute galdutakoa ere. Beraz, garaitu ezinezkoak ez dira haiek ere, ezta?

Horrela da. Haiek txapelketa honetan norgehiagoka bat galdu dute, eta garbi dago hemen edozein unetan gal daitekeela neurketa bat, edonoren aurka. Dena dela, partida hartara ez zen ongi joan bietako inor. Lehen partida zuten, eta nabaritu egin zen. Gainera, Waltari egun gutxi batzuk lehenago ezker paretan aritu zen entrenamendu gogorrak egiten, eta nekatu samartuta heldu zen partida hartara. Finalak ez du harekin zer ikusirik izango, ordutik oso ongi baitabiltza bai Waltari baita Etxeto ere.

Zuek jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi dituzue; eta kanpotik begiratuta, gainera, oso erraz aritu zaretela ematen du.

Kanpotik horrela eman dezake, baina ez da horrela izan. Lehen fasean lan asko eginda irabazi genituen partida guztiak. Gero, egia da finalerdietan nahiko erraz garaitu genituela bi norgehiagokak, baina hemen ez da kanpotik ematen duen bezain erraz ezer izaten, eta edozein partida irabazteko lan handia egin behar izaten da.

Finalean sartzeko faborito nagusiak zineten zuek, bai eta Olivier Larretxea eta Paxkal Ezkurra ere. Haiek hemen ez izatea ezustea izan al da zuentzat ere?

Bai, egia esan, bai. Waltariren eta Etxetoren aurka galdu zutenean, nire aurreikuspen guztiak apurtu zizkidaten. Haiek biak dira pilotari handiak, eta Paxkal, gainera, azkenaldian dena irabaziz dabil. Gutxienez finalerdietan ez zirela izango inork ez zuen uste. Waltariren eta Etxetoren aurka jokatu bitarte, gauzak normal zihoazen, eta partida hartara ere finalerdietan izateko aukera askorekin heldu ziren. Baina han ezustean galdu zuten, eta orain ez dira finalean izango, baina hau horrela da, kirolean beti gertatzen dira horrelakoak.

Zuk lehenengo final handia izango duzu. Hasi dira urduritasunak agertzen ala lasai zaude?

Ez, ez, lasai nago. Waltari eta Etxeto alimaliazko pilotariak dira, eta azkenaldian jokatu duten bezala jokatuta, badirudi haiek direla faborito, eta horrelakoetan lasaiago geratzen da. Horren arabera, guk galtzeko gutxi dugu, eta lasai nago, nahiz eta finala heltzen den unean ikusi beharko den.

Patrick Ozafrain da txapelketa honetako zure atzelaria. Berak final asko jokatu ditu, eta txapelduna ere izana da. Horrek lasaitasuna emango dizu, ezta?

Bai, dudarik gabe. Patrick ohituta dago finalak jokatzera. Bakarkakoa ere jokatuta dator, nahiz eta ezin izan zuen irabazi, eta, beraz, badaki hau zer den. Finaletako giroa ongi ezagutzen du. Gainera, aitzinekoari ere asko laguntzen dio, eta garbi dago horrelako pilotari bat alboan izateak lasaitasuna ematen duela. Niretzat gauzak errazago dira bera gibelean izanda, pilotari handia baita.

Moderne oso trinket berezia da. Berunezkoa da, eta horrek bero handia sortzen du jendez betetzen denean. Gainera, bertan ez duzue urtearen buruan askorik jokatzen. Zer moduz doakizu zuri Baionako trinketa?

Zuk aipatu bezala, Moderne oso trinket berezia da. Jendez betetzen denean, bero handia sortzen da. Horrek lan fisiko handia eskatzen du, eta ongi prestatuta egotea ere bai, bestela, zaila baita irautea. Bestela, pilotan aritzeko trinket ona da. Dena dela, trinketa denentzat berdina da. Han jokatu behar dugu, eta txapelketa hau hasi aurretik ere bagenekien finalera heltzen baginen, non izango zen. Beraz, ez dauka aitzakiarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo